
Urrian 25 urte beteko diraTxomin Ferreirak Beasaingo Ezkiaga pasealekuan Aterpe taberna ireki zuela. Taberna berezia da Aterpe; besteak beste, tabernako ezker paretan, beti artelanak zintzilikatuta daudelako. Jesus Lopez Zuluetarena izan zen lehenengo erakusketa, eta Fernando Laborderena bigarrena. Harrezkeroztik, etenik gabe, Goierriko eta inguruko artisten erakusleihoa izan da Beasaingo Aterpe taberna. «Irenne Laffitek asko lagundu zidan. Zumeta ekarri zuen. Nahi gabe, jendea animatzen hasi zen eta etortzen hasi zen», dio Txomin Ferreirak. Bere kalkuluen arabera, 368 erakusketa jarri ditu Aterpe tabernan.
Goierriko eta inguruko artistentzat erreferentziazko lekua da. Aterpe Goierriko artisten sehaska dela esan daiteke. «Artista askok lehenengo erakusketa Aterpen jarri dute. Hemendik denak pasatu dira». Ondorioz, «Goierrin maitatua» sentitzen da. «Artista guztiak ezagutzen ditut eta beraiek ni ere ezagutzen naute. Zentzu horretan, norbait sentitzen naiz pinturaren arloan», dio Ferreirak. Udazkenean, Gorka Salmeron eta Jokin Telleria goierritarren lanak ikusteko aukera izango dela aurreratu du Ferreirak.
Goierritarrak hezi
Erakusketez gain, Aterpe pintura lehiaketa ere antolatu izan du Ferreirak. «Lehiaketak ere izena eman dio tabernari», dio. 19 urtean antolatu izan du, baina jaisten hasi zela eta, antolatzeari utzi zion. «Itxura denez, gazteei kosta egiten zaie lehiaketetara aurkeztea». Zilarrezko ezteien aitzakian, aurten berreskuratu egin nahi du lehiaketa, aurrentzean hiru urtean behin egiteko.
Goierritarren arte hezkuntzan ere bere aletxoa jarri du Ferreirak, era eta estilo askotako artea erakutsi baititu: pintura, argazkia, taila, zeramika, kaleko artistak… Bezeroak ohituta daude, baina hasieran, erakusketa abangoardistagoren bat jartzen zuenean, «oso gaizki» pasatzen zuen. «Jendeak ez zuen ulertzen, paisajeak bakarrik ikustera ohituta zegoen». Gaur egun horrelakorik ez da gertatzen, jendea ohitu da, hezi da. «Eskola ere izan da Aterpe. Jendea kanpora doanean, katalogoak ekartzen dizkit».
Koadroei begira denbora asko pasatu du Ferreirak, baina inoiz ez da pintzela hartzera ausartu. «Ez, beti beldur handia eman izan dit».