Gidabaimena ateratzeko azterketa berria
Gaur egungo gizartean autoak sekulako garrantzia du eta, beraz, gidabaimena edukitzea ia ezinbestekoa da. Hala, ez da harritzekoa ikasleak azterketa egunean oso urduri jartzea. Egunotan are eta urduriago daude, azterketa erabat aldatu baitute. Goierriko autoeskoletako irakasleek, ordea, ez dutela kezkatuta egoteko arrazoirik diote.
Solozabal autoeskolako Josemi Solozabalek azaldu ditu azterketa berriaren nondik norakoak. Bere ustez, «aldaketa gutxi» eman dira. «Azterketa teorikoari dagokionez, lehen 800 galdera zeuden, 40 testetan banatuta. Testak finkoak ziren».
Azterketa berrian, berriz, askoz ere galdera gehiago daude. «Orain azterketa ordenagailu bidez prestatzen da. 15.000 galdera daude eta horiekin testak prestatzen dira. Programak egunero test ezberdinak egiten ditu», aipatu du.
Aldaketak aldaketa Solozabalek , argi utzi nahi du azterketa ez dela lehen baino zailagoa. «Ikasi beharreko edukia lehengo bera da. Lehen ikasleek testak buruz ikasten zituzten, eta kito. Orain, berriz, testu liburua benetan ikasi beharra dago. Agian lehengo sistema apur bat errazagoa zen ikasleentzat, baina egungoa egokiagoa da».
Azterketa praktikoan ere aldaketak egon dira, eta horiek dira, hain zuzen ere, zeresan handiena eman dutenak. Iraupena ez da aldatu (25 minutu), baina lehengoak atal bakarra zuen eta egungoa hirutan banatua dago. Hasteko, aztertzaileak galdera bana egiten die ikasleei: nondik bota behar den olioa, non dagoen uraren depositoa, gurpila aldatzeko erremintak non dauden, gurpila nola aldatzen den…
Ondoren, autoan sartzen dira. Aztertzaileak ikasleari berak nahi duen tokira joateko esaten dio, edo toki jakin batera joateko agintzen dio. Proba hau berria da eta helburua ikasleek azterketa gainditu ondoren gidatu beharko duten moduan gidatzea da.
Hirugarren atala betikoa da. Ikasleak aztertzailearen aginduak jarraituz gidatu behar du autoa: biribilgunean irteera hau edo bestea hartu, bidegurutzean alde batera edo bestera jo, esandako tokian aparkatu…
Nahiz eta lehen ere motorrari buruzkoak ikasi beharra zeuden, horrek eman du zeresanik handiena. Dena den, beste berrikuntza batzuk deigarriagoak dira. Aztertzaileek gidatze eraginkorra kontuan izango dute, adibidez. «Inork ez du suspendituko erregai asko kontsumitzeagatik, baina akats arin bezala hartuko da».
Bestalde, orain aztertzailea bera da ikasleari azterketa gainditu duen ala ez esan eta zergatiak azaltzen dizkona. Josemi Solozabal aldaketekin ados dago. «Ikasleek seinalizazioari arreta handiagoa jarri beharko diote eta hori ona da. Gurpil aldaketari eta antzerakoei buruzko galderei dagokionez, lehen ere hori galdetzeko aukera zuten, baina ez zuten egiten. Azterketa eguneratu egin da, baina ez da lehen baino zailagoa. Lehen adina jendek gainditzen du eta ez dira eskola gehiago hartu behar. Eskolen ikuspegia aldatu da, besterik gabe».
Komunikabideek gaiari merezi duena baino garrantzia handiagoa eman diotela ere uste du. «Dena den, gizarteak autoeskoletan egiten dugun lana ezagutzera emateko balio izan du, eta hori ona da».
Motorrari buruzkoak
Urretxuko Antzuola autoeskolako Manolo Carro Solozabalekin bat dator: berak ere aldaketak ez direla sekulakoak eta azterketa berria ez dela aurrekoa baino zailagoa uste du. «Lehengoan, gure ikasle batek, nik azalpenik eman gabe asmatu zuen non zeuden olioaren haga, bateria, ura…».
Carrok ere azterketa berria hobea dela gainditzea ez dela gehiago kostako uste du. «Lehen baino pixka bat gehiago ikasiko dute. Dena den, auto bakoitzak toki batean du gauza bakoitza. Honen guztiaren helburua gazteak autoa ezagutzearen garrantziaz kontzientziatzea dela uste dut».
Itziar Betegik eta Lucia Irurek Antzuola autoeskolan hartzen dituzte eskolak. Betegi azterketa teorikorako prestatzen ari da eta Irure, berriz, praktikorako. Lehena bigarrena baino urduriago dago.
Betegik 18 urte ditu eta gidabaimena beharrezkoa duela dio. «Kimika ikasten ari naiz, eskola partikularrak Beasainen hartzen ditut eta trenean ez naiz oso ondo moldatzen. Gurasoei beldur pixka bat ematen die, baina hala independenteagoa izango naiz. Nire lagun batzuek dagoeneko badute gidabaimena. Udan eskuratu zuten. Zortea izan zuten, orduko azterketa errazagoa baitzen», esan du Betegik.
Irure ez da iritzi berekoa. «Motorra ezagutzea eta tokietara nola joan asmatzea erraza iruditzen zait. Oraingoz ez dut gidabaimenik behar, baina lehenbailehen eskuratzea komeni da. Nire lagun batzuek iaztik dute, baina gurasoek lehenik eta behin unibertsitatera egokitzeko esan zidaten».