«Musika entzuteko eta musikaz jakiteko gogoa aspaldi piztu zitzaidan»
Antton Iturberen (Urretxu, 1971) ogibidea tren errailetatik doa; Beasaingo CAF lantegian ingeniaria da. Barruak, hala ere, musikaz eta zineaz betetzen zaizkio. Zientzien eta letren arteko aukeraketa egin zuenean, lehenengoa hautatu zuen, eta zaletasunaren esparruan utzi zituen doinuak eta fotogramak. Iazko urritik musikaren inguruko zutabe bat idazten du Berria egunkarian, aurretik Entzun aldizkarian hasia zuen musika kritikari ibilbidea.
Erosi zenuen lehenengo zintaraino edo biniloraino egingo al genuke atzera?
Musika zaletasuna betidanik nirekin joan den zerbait dela esango nuke. Ez da etxean transmititu didaten zerbait, baina nonbait gogo hori aspaldi piztu zitzaidan; musika entzuteko eta musikaz jakiteko gogoa. Gogoratzen dut erosi nuen lehenengo zinta, bai; Urretxuko jai batzuetan Itoiz taldearen Espaloian lana. Haren atzetik Bruce Springsteen, U2 eta Dire Straits etorriko ziren; talde klasikoak, alegia. Edozein modutan, hasiera-hasieratik musika batek beste batera eramaten ninduela jabetu nintzen.
Kate hori jakin-minak bultzatuta sortzen al zen?
Bai. Ez nuen disko batean geratu nahi, disko hori milaka aldiz entzun eta kito. Egile horrek zer entzuten zuen, musika horren atzean zer zegoen, nor aipatzen zuen elkarrizketetan, diskoaren eta artistaren testuingurua zein zen… Dena jakin nahi nuen. Nire interesa handitu, eta aldi berean Jon anaia musikari egin zen; Hot Dogs taldeko abeslaria izan zen denbora luzean. Gero bakoitzak bere gustuen araberako bidea jarraituko bazuen ere, zaletasun bera izate hark gure arteko harremana ondu zuen. Oheratzerakoan, adibidez, John Coltrane-ren disko bat jartzen genuen baxu-baxu gurasoak esna geundela jabetu ez zitezen. Gau haiek magikoak izan ziren.
Lanbideak Estatu Batuetara eraman zintuen. Han egindako bizialdia mugarria izan zela esango al zenuke?
Dudarik gabe. 2000tik 2005era Washington hiriburuan eta Pittsburgh-en (Pensilvania) bizi izan ginen Ana Cabezas emaztea eta biok. Niretzat esperientzia garrantzitsua izan zen, hala maila profesionalean nola bizitzako beste esparruetan. Ingelesa ederki ikasi nuen, eta beste kultura bat barrutik ezagutu ere bai.
Estatubatuarren gaineko aurreiritzi asko erori al zitzaizkizun?
Hanburgesak eskuetan dituzten kultura gabeko lodikoteak direnaren mito hori berehala erori zitzaidan, noski. Estatubatuar asko dago, eta toki guztietan bezala bakoitza bakarra da. Jende oso interesgarria ezagutu nuen. Azken etapan, Pittsburgh-en abangoardiako eszena alternatibo zabalaren berri izan nuen: lokal bereziak, arte erakusketak, musika kontzertuak, abangoardiako zinema… Hori guztia auzolanean antolatzen dute, jarduna sekulakoa da eta gauzak egiten motibatzen zaitu. Iniziatiba handiko jendea da. Finean, herrialde oso bat eraiki duen herria da, ez bakarrik enpresaren alorrean, baita kulturaren esparruan ere.
Iniziatiba izateko joera hori zurekin ekarri al zenuen bueltan?
Baietz esango nuke. Bueltan Azkoitiko Mataderixara joaten hasi ginen; han egiten dutena oso interesgarria da. Arto Artian izeneko elkartea sortu zuten, eta Euskal Herriko musikari ezberdinen lanak argitara ematen dituzte; musikari ezberdinen multzoan musika zailagoak egiten dituztenak egon litezke, abangoardiaren barruan koka daitezkeenak. Elkarteak, gainera, ez du helburu komertzialik. Ni, emaztearekin batera, taldean sartu nintzen eta hainbat ekimenetan aritu gara lanean.
Nola iritsi zinen Mataderixatik eta Arto Artean elkartetik lehenengo musika iruzkinera?
Gora Japon taldearen kontzertua ikustera joan ginen, eta saioari buruzko zerbait idazteko gogoa sortu zitzaidan. Beti irakurri izan ditut musika aldizkariak, baina beharbada nire burua gutxietsi eta nik neu idazteko gai ez nintzela pentsatu nuen luzaroan.
Orduan azaleratu al zen Estatu Batuetatik ekarritako ekintza grina hori?
Bai, hari esker beldur eta lotsa gutxiago izaten ikasi nuen. Iruditzen zaizu gauzak erabat perfektu egiten ez badituzu ezin dituzula egin, dena ez badakizu ez dakizula ezer ere. Baina, abiapuntua beste bat dela ikasi nuen: esateko zerbait al duzu? Nik, kontzertu haren ondoren esateko zerbait nuela sentitu nuen.
Eta idatzi egin zenuen.
Idatzi nuen testu bat, eta lehenengo eta behin taldeari berari bidali nion. Gustatu zitzaien, eta hainbat aldizkaritara helarazi nuen jarraian. Entzun aldizkari nafarretik erantzun zidaten publikatu nahi zutela esanez. Sekulako poza eman zidaten. Ordutik kolaborazio gehiago egin ditut. Askatasun osoa ematen didate, eta nire erritmoa errespetatzen dute, ez baita nire ogibidea.
Berriako zutabea idazteko aukera nola sortu zitzaizun?
Entzun-en egiten dudan lanari esker, kontaktuak ugaritu zaizkit, tartean, Berriako Mikel Lizarralde; berak proposatu zidan Berrian idaztea. Hasieran lotsa eta beldurra sortu zizkidan proposamenak, izan ere Berria egunkari nazionala da, denontzat idatzia; haren aldean Entzun bat, musika zaleen ghettoa izan daiteke. Izua gainditu nuen nonbait, eta aurreko urrian hasi nintzen zutabegile lanetan. Hamabost egunean behin zutabe bat idazten dut.
Nondik elikatzen zara zutabeak idazteko?
Entzun eta irakurtzen ditudan musiken eta pasarteen artean, zirrara sortzen didatenak transmititzen saiatzen naiz. Adibidez, David Bowie musikariaren buelta. Hamar urtez itzalean egon eta gero, inork jakin gabe bi urtez lan egin ondoren, disko berria atera du.