Plataformak goi tentsioko linea berria martxoan aurkeztuko dela uste du
Goi tentsioko linearen aurkako plataformak behin betiko egitasmoa martxoan aurkeztuko dela uste du. Hori dela eta, goierritarrei proiektu honen aurkako ekimenetan orain arte baino gogo eta indar handiagoz parte hartzeko eskatu die. Joan zen astean bilera egin zen Seguran eta astelehenean eskualdeko hautetsiak Gabirian elkartu ziren. Deialdiek espero baino erantzun eskasagoa jaso zuten.
Iñaki Ugalde Mutiloako alkateak borroka honetan lauzpabost herri bakarrik gelditu direla, baina protestekin jarraitzeko asmoa dutela aipatu du. Gainera, goierritarrak nafarrekin bat eginda daudela azpimarratu du.
Ugaldek egitasmo hau gelditzea «oso zaila» izango dela onartu du. «Oraindik inongo informaziorik ez dugu eta ez dakigu linea nondik nora joango den. Red Eléctrica de Españari informazioa eskatu diogu eta oraingoz ez dutela ezer esaterik erantzun digute: egitasmoa publiko egiten denean, alegazioak aurkezteko aukera izango dugula. Horrek desgaste handia sortzen du».
Baina, aldi berean, «oso argi» dute ez dutela goi tentsioko linea berririk nahi «ez gure inguruan eta ez beste inon». Izan ere, ingurumen eta osasun arazoak sortuko dituela uste dute.
Hori dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jarri dira. «Gure mobilizazioak babestu dituzte, baina oraingoz ez dugu eurengandik gehiago lortu. Babes handiagoa eskatu beharko dugu».
Goierritarrei ere mobilizazioetan orain arte baino indar handiagoz parte hartzea eskatu diete. «Ekimen batzuetan jende askok parte hartu du, urriko manifestazioan adibidez, baina beste batzuetan ez. Jendea aktibatu beharra dugu».
Orain arte, manifestazioak, elkarretaratzeak eta mendi martxak antolatu dituzte, besteak beste. Hurrengo protesta ekitaldia kazerolada bat izango da, seguru aski.