
Urola Garaiko Garapen Agentziak (Uggasa) martxan du turismo sektorean kalitate sistema ezartzeko programa bat. Iaz abiarazi zuten, eta ostalarien zein turismo eragileen artean izandako harrera ona dela eta, bigarren urtez Goierri garaiko turismo eragileak parte hartzera gonbidatu dituzte. Hamar lagun bildu dira Uggasak antolatutako aurkezpen bilerara; tartean, bailarako tabernariak, bidaia agentzietako kudeatzaileak, nekazari turismoetako jabeak, Burdinaren Euskal Museoaren nahiz Baserria Natur Eskola Bizia erakundearen ordezkariak egon dira.
Joxe Blas Egaña Legazpiko Katilu jatetxeko jabea da. Iazko programan parte hartu zuen, eta Uggasak herenegun Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean antolatutako aurkezpenean bere esperientzia azaldu zuen. «Ez da ohikoena tabernariok prestakuntza jasotzea, eta denboraz beti larri gabiltzan arren, hutsune hori betetzeko aukera eman dit programa honek», azaldu du Egañak. Finean, kalitatearen inguruko lanketak «lan sistema hobetzeko lanabesak eman dizkit, baita kalitate ziurtagiri bat lortzeko aukera ere».
Bailarako turismo zerbitzuen kalitatea hobetzea da programa honen helburu nagusia, eta horrek «guztion alde egingo du, bezeroak gustura badoaz gehiago iristeko aukerak biderkatuko direlako», azpimarratu du Egañak. Programan sartzeak aurrez «nagia» sortu bazion ere, «beti denbora faltan baikaude», ostalari legazpiarraren arabera, «tabernari gehiago animatu beharko lirateke».