
Xabier Mendizabal eta Peio Olano zaldibiarrak jantzi dituzte aurten Ordiziako Buztuntza auzoko Argi Berri elkarteak antolatutako 36. mus txapelketa azkarraren txapelak. Antonio Carrion eta Montxo Biturro donostiarra izan zituzten aurkari finalean, eta 3-1 gailedu zitzaizkien goierritarrak. Carrion donostiarrak hiru aldiz jantzi du Argi Berriko txapela, eta oraingoan, bere ohiko bikotearen –Ramon Biturro zena– semearekin iritsi da finalera.
Txapelak soilik izan zituzten soilik finalean, lehen eta bigarren sariko diruak (1.500 eta 800 euro) lauen artean banatu baitzituzten. Eta gauza bera egin zuten hirugarren eta laugarren sailkatuek ere. Arbizuko Salvador Razkin eta Oihan Mendieta izan ziren hirugarrenak, eta Aitor Calvillo eta Nikolas Zurutuza osaba-ilobak laugarrenak. Azken horiek herriko lehen bikotearen eta elkarteko lehen bikotearen sariak ere jaso zituzten (dirua ez ezik, lau txuleta eta bi botila ardo jaso zituzten).
Bosgarren postuan Lazkaoko Jose Luis Lopez eta Juan Cabrejas sailkatu ziren; seigarren Iñaki eta Celes Lujan zumaiarrak; zazpigarren Oskarbi Hernandez eta Antton Imaz ordiziarrak; eta zortzigarren Iñaki Imaz eta Ana Barcina zaldibiarrak –zortzigarren sariaz gain, lehen emakumearen saria ere jaso zuten–.
30 herritako 102 bikote
Iaz 89 bikotek parte hartu bazuten Argi Berriko txapelketan, aurten 13 gehiago izan dira, 102; Ordiziakoak 37 izan dira; Lazkaokoak 7; Zumaia, Ormaiztegi, Zumarraga eta Zaldibiakoak bosna; Tolosa eta Azpeitikoak launa; Beasaingoak hiru; Asteasu, Urnieta, Leaburu, Ataun, Arrasate eta Ibarrakoak bina; eta beste hamabost herritako bikote bana.
Bestalde, bosna arkume eta antxumeren zozketa zenbaki irabazleak hauek dira: 1200, 1951, 4032, 2216 eta 0289 bost antxumena, eta 1974, 4443, 3865, 2734 eta 5387 bost arkumeena.