Zaldibiarrak datutan, zubiak eskegitzeko azterketa demografikoan
Zaldibian gaur egun bizi diren herritarren %85 Euskal Herrian jaioak dira. Gehienak, %57,3, herrian bertakoak. Kanpoan jaio baina zaldibiar diren multzo ugariena Espainiako estatukoek osatzen dute, immigranteen %27,8; horietan gehienek (%13,6) Kordobako probintzian dute jatorria. Zaldibiako Udalaren eskariz, Aztiker etxeak egin duen Zaldibiarren jaiolekuen mapa eta biztanleriaren bilakaera azterketaren datu batzuk dira horiek, aurreko asteazkenean 30 bat herritarren aurrean aurkeztua.
Migrazioaren gaiak sortu ohi duen «kezka» eta ikuspegi desberdintasuna gainditzeko erabakia hartu dute Zaldibian. Baita kanpotik etortzen direnen eta jada bertan bizi direnen arteko ezagutza sendoagoa lortzea ere. Bide horretan, lehen urratsa izan da azterketa soziologiko-demografikoa egitea, «herriko errealitatea» zein den jakiteko, aniztasun eta migrazio gaietarako zinegotzi Mari Karmen Irastortzak azaldu zuenez.
«Azken urteotan asko aldatu da biztanleria, ez kopuruz bakarrik, baizik jende berria ere badago gure artean. Hutsune bat bagenuen, kanpotik datozenen eta bertan bizi garenon artean zubiak eraikitzean. Alde batetik, kanpotik etorri direnei ezagutarazi nahi diegu herri bat bagarela, Zaldibia Euskal Herriko zati dela, eta baditugula gure identitatea, eskubide linguistiko, kultural eta politikoak. Datorrenak askotan ez du ezagutzen Euskal Herrira datorrenik, eta gure nahia hori jakinaraztea da», dio Irastortzak.
Baina ez hori bakarrik; ezagutza bi norabidetakoa izatea da helburua. «Aldi berean, datorrenari transmititu nahi diogu onartzen dugula, zaldibiar eta euskal herritar bezala hartzen dugula, berak duen identitatearekin: bere hizkuntza, kultura eta nortasunarekin».
Zubia eskegitzeko, beraz, hainbat datu jaso dituzte orain, Aztikerren eskutik. Azterketa kuantitatiboa egin du. Aztikerreko Ekhi Zubiriak azaldu zituen azterketaren ondorio nagusiak.
Zenbakiak gaitasun bihurtzea
Bigarren fase bat marraztu du Zaldibiako Udalak, aniztasuna gizarteari ezagutarazi eta aberasgarri bihurtzeko prozesuan. Datuen gaindi, jendearen bizipenak, irudipenak eta sentsazioak jaso nahi dituzte. «Azterketa kualitatiboa egingo dugu, Zaldibian bizi diren pertsona batzuekin: bertan jaioak edo kanpokoak izan, langileak, emakumeak, gazteak… Bizimodu eta egoera desberdinetan dagoen jendearekin elkarrizketak egingo ditugu».
Gertuko ezagupena, bizipenen testigantza jasotzea, eta jendea Zaldibian «nola sentitzen» den jakitea izango dira atera nahi duten informazioa, gizarte arloan. Dagoeneko hasita dago lanketa hori ere, udalak aurreratu duenez.
Datuak
- Zaldibiarrak. 1.537 (2012an).
- Jaiotze tokia. Zaldibia (880), Gipuzkoa (397), Euskal Herria (379), Europa (162), Amerika (34), Afrika (27).
- Adin piramidea. Erronbo itxura du, ekonomikoki herrialde garatuetako fenomenoa. Azken urteetan haur gehiago daude. Bi ‘etorkin olatuen’ eragina dago.
- Gipuzkoa. Donostia (67), Ordizia (59), Beasain (35), Tolosa (22), Gaintza (19), Lazkao (19), Ataun (15), Zumarraga (15)…
- Europa. Espainia (62), Errumania (59), Maroko (23), Portugal (15), Galizia (14)… Denera 21 naziotasun atzerrikoak.
- Biztanleriaren bilakaera. 1900-1950, igoera txikia baina etengabekoa. 1950-70, lehen etorkin ‘olatua’, Espainiatik. 1970-2000, jaitsiera. 2000-gaur: etorkinen bigarren oldea.