Bertan behera geratu da Olaberriko baserriaren enkantea
Tolosako Epaitegian ez dute egin, azkenean, Olaberriko baserri baten enkantea. Bertan behera utziarazi du epaileak. Hala, subastatzeko prozesua “momentuz” gelditu egin da, eta etxean bizi diren hiru kideek, adinean aurreratutakoak hirurak, han bizitzen jarraitu ahalko dute.
Goierriko Etxegabetzeak Stop plataformak protesta bilkura egin du, gaur 09:45ean, Tolosan, subasta egitekoa zen unean eta tokian. Elkarteko kide Ana Urangak esan duenez, enkantea bertan behera geratzeak prozesuan atzerapena eragingo du, eta elkarteko abokatuek ikertu egingo dute bien bitartean.
Olaberriko baserri “historiko” bat da enkantean atera nahi zutena. Bizilagunetako batek 15.000 euroko mailegu pertsonala eskatu zion maileguemaile pribatu bati, eta ordainkizun modura hark sartu du salaketa, baserria maileguaren berme gisa baitzegoen, 30.000 euroan tasatuta.