Euskadiko wu-shu txapelketa jokatuko da igandean Majorin
Igandean, hilak 17, Euskadiko Wu-shu txapelketa jokatuko da Ordiziako Majori kiroldegian. 10:00etan hasiko da txapelketa, eta 14:00ak aldera amaituko dela aurreikusten dute antolatzaileek. 100 kirolari inguru elkartzea espero dute.
Eskola umeen erakustaldi batekin hasiko da txapelketa. Lehendabizi formak egiten ariko dira, bai esku hutsik, bai armekin eta baita era tradizionalean ere. Bukaeran jauziak egingo dituzte.
Horren ondoren hasiko da txapelketa, eta wu-shuaren hiru diziplinekin gozatzeko aukera izango da: formak, Shuai Jiao (Txinako borroka) eta Sanda wu-shua edo borroka.
Txinako kultur ondarearen osagarri garrantzitsu bat da Wu-shua, eta gizaldiz gizaldi iraun duen tradizio bat da. ‘Wu’ hitzak militar adierazi nahi du, eta ‘shu’ hitzak artea. Borrokaren artea da, beraz, haren esanahia.