Legazpi Zero Zabor taldeak negoziazio mahaiaren desegiteaz balorazioa egin du
Hondakinen kudeaketa aztertzeko negoziazio-mahaiaren bilerak amaitu ondoren, Legazpiko Zero Zabor taldeak, mahaiko partaideek gai honen inguruan adostasuna lortu ez duten arren, aurrerapauso nabarmenak eman direla adierazi nahi du, eta ondoko puntu hauek azpimarratu nahi ditu, hitzez hitz:
- Lehenik eta behin, negoziazio-mahaian parte hartu duten kide guztiek bilerak giro onean garatzeko egindako ahalegina azpimarratu nahi dugu.
- Oso interesgarria iruditu zaigu Sasieta Mankomunitateak zaborra biltzeko sistemei buruz egindako azterketa. Horren aurrean, udal-gobernuari azterketa horri buruzko informazioa herritarren artean zabal dezala eskatu nahi diogu.
- Bileretan parte hartu duten talde guztiak –udal-gobernua, Plataforma, EAJ, PSE, Hamaikabat eta Zero Zabor taldea– auzo-konposta egiteko guneen nahiz auto-konpostaren alde agertu dira.
- Bestalde, Plataformak eta EAJ alderdiak aurrerapauso handia eman dutela iruditzen zaigu, edukiontzi berdea kentzeko eta errefusa atez ate biltzeko aukera planteatu baitute bileretan. Beraz, argi gelditu da bereizten gaituen gauza bakarra organikoa jasotzeko modua dela, eta hori izan dela talde guztien arteko akordioa ez lortzeko arrazoia.
- Halaber, talde guztiak ados agertu dira etxean guztiok zaborra bereizteko egin beharreko ahaleginari dagokionez, horixe baita birziklatzeko prozesuaren abiapuntua.