Euskal Herriaren prozesuaz eta gatazkaz hitzaldi sorta bat antolatu du Gerrikok, askotariko eragileekin
Euskal Herriko bakegintza prozesuaz eta gatazka gainditzeko bideez hitzaldi sorta bat antolatu du Lazkaoko Gerriko kultur elkarteak. Otsailean, martxoan eta apirilean zehar banatuta, oraingoz bost saio iragarri dituzte, gizarteko eragile askotako ordezkariekin. Baieztatu gabe dagoen arren, baliteke beste saioren bat ere gehitzea zikloari.
Duela hainbat urte hasitako Berriketan hitzaldien baitan, Euskal Herria bizi da jarri dio elkarteak goiburu solasaldi multzoari. «Begi argiekin, begirada positiboarekin jarri behar dugu etorkizunari begira», azaldu dute Gerrikotik.
Hitzaldi guztiak 18:30etik 20:00etan bitartean izango dira, denak asteazkenetan, Gerriko elkartean. «Egoera desberdinetan bizi den eta ikuspegi eta pentsaera desberdinak dituen jendeari emango diogu hitza».
Lehen saioan, Karlos Ioldi
Bost hitzaldietan lehendabizikoa bihar izango da. Karlos Ioldi ataundarrak hitz egingo du. ETAko preso ohia da, eta gaur egun Harrera elkarte asistentzialaren lehendakariordea da. ETAk armak utzi ditu; bakean gaude? gaia jorratuko du.
Momentuz iragarrita dauden gainontzeko lau saioak apirilaren 17ra bitartean garatuko dira. Otsailaren 27an Lokarriko Aitziber Blanco ariko da, Herri mugimenduen zeregina bake prozesuan gaiarekin. Martxoaren 6an Donostiako gotzain emeritu Jose Maria Setien izango da Gerrikon, Bakea, justizia eta egia goiburutzat hartuta.
Zikloaren azken txanpan, apirilaren 10ean Pako Aristi idazle eta kazetari urrestildarra gonbidatuko dute; Independentzia, ondorengoei utzi behar geniekeen herentzia hartuko du hizpide. Azkenik, apirilaren 17an, Independentistak sareko Garbiñe Bueno eta Esti Mujika ariko dira (Euskal Herriaren independentzia, abiaputu eta helburu).