
Jon Maiak eta Nazioen Mundua herri ekimeneko lagunek erabakitze eskubideari buruzko dokumentala aurkeztu dute asteburuan Kataluniako hiriburuko Girona zinema aretoan.
Erabakitze eskubidea zeresan handia ematen ari da azkenaldian Katalunian, eta bertan izan dira asteburuan Nazioen Mundua herri ekimeneko kideak. Jon Maiarekin joan dira,
Un tros de formatge (
Gazta zati bat) dokumentala aurkeztera. Nazioen Mundukoak «oso pozik» itzuli dira etxera.
Estreinaldia ostiralean izan zen eta 270 ikusle elkartu ziren. Tartean, Kataluniako politikari eta kultur eragile ezagunak izan ziren: ERC alderdiko Joan Tarda, ANC Biltzar Nazional Katalaneko Carme Forcadell eta CUPeko David Fernandez, besteak beste.
Aurkezpenaz Jordi Ambros kazetari kataluniarra, Angel Oiarbide Nazioen Mundua herri ekimeneko kidea eta Jon Maia zuzendaria arduratu ziren. Emanaldiaren ondoren ikusleek galderak egiteko aukera izan zuten. «Asko izan ziren
Gazta zati bat ikusteak zirrara sortu ziela aipatu zutenak», esan du Dani Oiarbide Nazioen Mundua taldeko kideak. Dokumentala larunbatean eta igandean ikusi ahal izan zen eta bihar, hilaren 27an eta martxoaren 6an ere ikusi ahalko da.
Euskaldunek, lana aurkezteaz gain, Kataluniako eragileekin elkartzeko aukera izan dute. «Nazioen Mundua ekimenaren ibilbidea interesgarria iruditu zaie eta elkarlanean egin dezakegun ibilbideaz ere luze eta zabal aritzeko parada izan dugu».
Bartzelonako Euskal Etxeko arduradunekin ere elkartu dira. «Bertako dinamika kultural aberatsa ezagutu ahal izan dugu eta etorkizuneko egitasmoei buruz hitz egin dugu».
Oiarbide oso gustura ageri da. «Guretzat oso garrantzitsua izan da Bartzelonako estreinaldiak halako arrakasta izatea. Herri txiki batetik abiatutako herritar ekimen batek Bartzelonako hirian halako zinema areto batean dokumentala aurkeztu ahal izatea izugarria izan da».
Erabakitze eskubidearen alde are eta gogo handiagoz borrokatzeko indarra metatu dute. «Sinetsi egin behar dugu bakoitzaren ekarpenak, txikia izanagatik ere, asko lagun dezakeela. Auskalo noraino hel gaitezkeen… mugak geure baitan daude», dio.