Gipuzkoako mus jokalari onenak Seguran izango dira larunbatean
Euskal Herriko mus txapelketako Gipuzkoako finala jokatuko da, 15:00etatik aurrera, pilotalekuan
Larunbatean Euskal Herriko mus txapelketako Gipuzkoako finala jokatuko da Segurako Baratze pilotalekuan. 100 bikote baino gehiagok parte hartuko dute. 15:00etan helduko dira Segurara eta azken partida 20:00ak aldera bukatuko da. 32 bikote onenak martxoaren 9an Agurainen jokatuko den Euskal Herriko finalerako sailkatuko dira.
Txapelketa hau Seguran bertan jaio zen. Iparra-Hegoa ekimenaren antolatzaileek sortu zuten. Azken urteotan Bai Euskal Herriari elkartearekin eta Orreaga fundazioarekin batera antolatu dute. Aurten, sortze bidean den Euskal Herriko Mus Federazioak antolatu du.
Xabier Albizu segurarra Iparra-Hegoa ekimenaren antolatzaileetako bat da eta baita Mus Federazioaren sustatzailea ere. «Federazioa sortzea oso zaila da. Izan ere, Euskal Herria hiru administraziotan banatua dago. Hori dela eta, Iparraldeko, Nafarroako eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako federazioak sortu ditugu. Hauekin konfederazioa sortu beharko genuke, ikastolek egin zuten moduan».
Oztopoak oztopo, aurten ere txapelketa antolatzea lortu dute. «Musa joko bat besterik ez da, baina Euskal Herria eraikitzen lagun dezake. Zuberoako bat eta Balmasedako bat elkarrekin jokatzen ikustea gauza polita da». Aurten, 2.000 bikote baino gehiagok parte hartu dute: Gipuzkoako 700, Nafarroako 500-600, Arabako 200, Bizkaiko 200, Lapurdiko 200, Behe Nafarroako 100 eta Zuberoako 30-40.
Joan zen asteburuan herri mailako azken partidak jokatu ziren. Gipuzkoan 60 bat kanporaketa izan dira eta larunbatean lurralde mailako finala jokatuko da Segurako Baratze pilotalekuan.
100 bikote baino gehiagok parte hartuko dute eta 32 onenak martxoaren 9an Agurainen jokatuko den finalera sailkatuko dira. Bertara, nafarrek 32 bikote bidaliko dituzte; arabarrek, bizkaitarrek eta lapurtarrek 16na; behe nafarrek 12 eta zuberotarrek 4.
Sariak bikainak izango dira. Bikote irabazleak txapelak, garaikurrak, 3.000 euro eta Karibera bidaia jasoko ditu. Txapeldun ordeek, berriz, garaikurrak, 1.500 euro eta Kanariar Uharteetara bidaia eramango dituzte.
Albizu berak ere txapelketan parte hartu du, nahiz eta ez den oso zalea. «Ozta-ozta dakit musean jokatzen. Beste batzuk muslari amorratuak dira, baina ni ez. Txapelketa hau hango eta hemengo jendea elkartzen duelako eta giro polita sortzen delako atsegin dut», onartu du.
Hala, datozen urteetako txapelketetan pentsatzen ari da dagoeneko. 2014ko finala Heletan (Lapurdi) jokatuko da eta 2015ekoa Bizkaian. Gernikan izango da, seguru aski.
Aritz Lasa: «Pilotariok bazkalosteetan musean jokatzen dugu»
Aritz Lasa (Urretxu, 1983) pilotari ezaguna da, baina musean ere ez da makala. Urretxu eta Zumarragako kanporaketa irabazi zuen Beñat Mujikarekin eta larunbat honetan Gipuzkoako finala jokatuko dute.
Norekin ikasi zenuen musean jokatzen?
Lagunekin ikasi nuen. Afalondoetan musean jokatzea ohitura da Euskal Herrian eta niri ere gustatzen zait.
Norekin jokatzen duzu?
Azkenaldian, Beñat Mujikarekin, Josetxo Mujika triatloilariaren semearekin.
Zer moduz moldatu zineten Urretxu eta Zumarragako kanporaketan?
Urretxu eta Zumarragako kanporaketan bederatzi bikotek parte hartu genuen eta gu sailkatu ginen. Asteburu honetan ez dut partidarik eta, beraz, Segurako finalean parte hartu ahal izango dut. Kanporaketan zortea izan genuen, musean beharrezkoa da, eta ea finalean ere zortea dugun. Dena den, garrantzitsuena ondo pasatzea da.
Txapelketa askotan parte hartzen al duzue?
Ez. Herrikoetan bakarrik. Oraindik ez dugu txapelketarik irabazi.
Zein dohain behar ditu mus jokalari on batek?
Dohainik onena, karta onak izatea da. Karta onekin irabaztea erraza da eta txarrekin, berriz, ez dago irabazterik. Dena den, burua erabiltzea ere oso garrantzitsua da. Gazteok zaharrek baino karta hobeak behar ditugu jokatzeko.
Pilotarien artean mus jokalari asko al dago?
Bai. Bazkaloste guztietan jokatzeko ohitura dugu. Mikel Olazabalek oso serio jokatzen du eta Asier Arrutik, adibidez, ez.
Nor uste duzu dela jokalari onena?
Kepa Peñagarikano, beharbada. Izan ere, asko pentsatzen du.