Nikolas Lekuona II. Argazki Lehiaketak iazko lanen kalitatea hobetu nahi du
Lehen edizioak izan zuen «arrakasta» ikusita, Ordiziako Ortzadar argazkizale elkarteak egin du dagoeneko Nikolas Lekuona II. Argazki Lehiaketara lanak bildatzeko deialdia. Iaz 60 argazkilariren 240 lan jaso zituzten, eta aurtengo lehiaketarekin iazko lanen kalitatea hobetu nahi du, eta baita partaideen kopuruak gora egitea ere. Lander Rezola beasaindarra izan zen iazko irabazlea, Ekaitzaren ostean lanarekin. Iaz bezalaxe, Argizaiola lehiaketarako baliagarria izango da.
Apirilaren 19rako bidali behar dira lanak Ortzadar Argazkizale Elkartera (79 zenbakidun posta kutxatila, 20.240, Ordizia), kartazal itxiaren sistema erabiliz. Bi dira parte hartzaileek landu ditzaketen gaiak: librea bata, eta Ordiziako txokoak izenekoa bestea –sari berezia da bigarren hau–. Argazkilari bakoitzak aurrez saritu gabeko lau argazki aurkez ditzake gehienez gai libreko lehiaketara, eta hiru argazkiko sorta bat bigarrenera.
Lehen hiru sailkatuek jasoko dituzte sariak (300, 200 eta 100 eurokoak, garaikurraz gain), Herrikoen saria ere banatuko dute (100 euro eta garaikurra), eta Ordiziako txokoak sari berezia irabazten duenak 300 euro eta garaikurra eskuratuko ditu.
Lekuonaren oroimenez
Nikolas Lekuona artista zenaren ondare artistikoari gorazarre egiteko erabaki zuten Ortzadarrekoek lehiaketari izen hori ematea. Lehiaketari buruzko informazio gehiago 666 610 593 eta 656 72 63 27 zenbakietara deituta lor daiteke.