Duela hamar urteko ostegun hura Euskaldunon Egunkaria inbaditu zutela entzunez esnatu zitzaien milaka goierritarrei. Egunak zabaltzerako euskarazko egunkari nazional bakarraren ateak itxiak zituen Guardia Zibilak. Irratien eta artean erne berria zen Interneten bidez hedatu zen atentatuaren berri, bolbora bailitzan. Eta sutu egin zuen jendea. Herri ekimenetik sortu eta 13 urteko ibilian fruitu bikainak eman zituen egunerokoa hil zuten. Ezin sinistuak amorru beldurtuari eman zion bide, eta mespretxuak erantzun bateratu handi bati, aspaldian ez bezalako batasunez eta indarrez.
Goierriko Hitza
Goierri
Duela hamar urteko ostegun hura Euskaldunon Egunkaria inbaditu zutela entzunez esnatu zitzaien milaka goierritarrei. Egunak zabaltzerako euskarazko egunkari nazional bakarraren ateak itxiak zituen Guardia Zibilak. Irratien eta artean erne berria zen Interneten bidez hedatu zen atentatuaren berri, bolbora bailitzan. Eta sutu egin zuen jendea. Herri ekimenetik sortu eta 13 urteko ibilian fruitu bikainak eman zituen egunerokoa hil zuten. Ezin sinistuak amorru beldurtuari eman zion bide, eta mespretxuak erantzun bateratu handi bati, aspaldian ez bezalako batasunez eta indarrez.
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epailearen aginduz itxi zuten Egunkaria, eta hamar lagun atxilotu zituzten, tartean Txema Auzmendi ordiziarra, kazetaren administrazio kontseiluko idazkaria. Atxiloaldian bost orduz miatu zuten Andoaingo egoitza nagusia, 13:00ak arte. Argia eta Jakin aldizkarien egoitzetan ere sartu ziren guardia zibilak. Erasotzat hartu zen, lehen unetik, operazio hura. «Baina lehen urratsa besterik ez zen izan. Bi egun geroago, jakin denez, Madrildik 200 guardia zibil aterata zeuden, eta Aranda de Dueron (Burgos, Espainia) gelditu ziren. Arantzazu ixtera zetozen», gogoratu zuen, atzo, Egunkaria-ren zuzendari Martxelo Otamendik. «Egunkaria ixtea Estatuaren partetik abisu handi bat zen, susto bat, esateko ‘kontuz zertan ari zareten’. Eskola eredu berezi baten aurka, finantza entitate eta enpresaritza eredu jakin baten aurka… egitera zihoazen».
Egunkarian goierritar kazetari andana zebilen 2003an, lanean. Ohetik jaikiarazi zituen telefonoko berri hark, beste zeregin bat esnarazi zieten, Lorea Agirre beasaindarrak esan duenez. «Zer eta nola egin behar dugu, bihar ere egunkaria egon dadin».
‘Hitzen’ aurrekaria flotagailu
Eskualdeko informazioa lantzen zuen egunkari bakarra zegoen orduan: Tolosaldean Egunero. Haren goiburua, egitura eta azpiegitura hartu zuten Egunkaria-ko langileek, eta biharamunean Euskal Herri osoan euskaraz jaso ahal izan zen egunkari nagusiaren itxieraren eta atxiloketen informazioa, bezperan 3.789. zenbakian etenarazi zuten historia jarraituz. Otsailaren 21ean Egunero-ren 70.000 ale saldu ziren. Azaleko titularra, motza bezain egia: Itxia, baina ez isildua.
Berria egunkaria sortu arte jarraitu zuen Egunero-k. 2003ko ekainaren 21ean atera zen egunkari berria, ia hamasei mila akziodunek babestua. Egunero-k ere jarraitu zuen, eta euskarazko prentsaren historian mugarri izango ziren Hitza egunkarien hazia izan zen. Tartean, jakina, eskuetan duzun honena.
Itxiera salatzeko, eta ia une berean abiarazi zen proiektu berriari laguntzeko, Goierrin egin ziren ekitaldi batzuk. Ez, agian, neurri hartako galerak euskalgintzan suposatu zuenaren besteko neurrian. Langintza eta ahalegin handia eskatzen zuten beste jarduera batzuk ere pare-parean egokitu baitziren, bestetik: udal hauteskundeak maiatzean egin ziren, Lazkaon Kilometroak jaia antolatzen zebiltzan, Korrika apirilean pasatu zen…
Egunkaria-ren alde batzorde herrikoiak antolatu ziren herrietan. Jaialdi batzuk egin, Berria-ren harpidedun izateko mahaiak ipini, gutunak bidali, laguntza bonuak saldu, Egunkaria-ren materiala saldu, edo urtero antolatzen ziren hainbat ekitaldi —mus txapelketak, kantu afariak, e.a.— Berria-ren kausarako izendatu ziren, bildutako dirua bideratzeko.
Euskaldunon Egunkaria itxi zutenean bertan lanean ari ziren hainbat goierritar
Egunkariaren aldeko kantu jira, Lazkaon
Egunkariaren aldeko kantu jira, Lazkaon
‘Egunkaria libre!’ lemapean egindako bilkura, Lazkaon
Itxiera salatzeko elkarretaratzea Beasainen
Itxiera salatzeko elkarretaratzea Beasainen
Martxelo Otamendiren hitzaldia Beasainen
Guardia Zibila Martin Ugalde parkean
Itxiera salatzeko elkarretaratzea Lazkaon
Itxiera salatzeko elkarretaratzea Lazkaon
Egunkaria kasuan auzipetuak, Madrilen, auzitegi aurrean.
Amorrua, haserrea eta kezka
Egun beltza izan zen 2003ko otsailaren 20a. Askok sekula ahaztuko ez duten eguna. Izan ere, euskaldun askoren memorian geldituko dira Guardia Zibila Martin Ugalde kultur parkean sartu zeneko irudi haiek. Baina inork prozesu hura gertutik bizi izan bazuen, horiek Euskaldunon Egunkaria-ko langileak izan ziren. Itxieraren garaian hamabost bat goierritar ari ziren han lanean. Horietako batzuk, Egunkariak ereindako hazitik sortutako Berria egunkarian ari dira lanean, gaur egun.
Denek irratiaren edo lagunen deien bidez izan zuten albistearen berri, baina kosta egiten zitzaien benetan gertatzen ari zena sinistea; «harrigarria» egiten zitzaien. Martin Ugalde kultur parkera iritsi zirenean topo egin zuten errealitatearekin. Hala gogoratzen du Nagore Etxeberriak: «Normalean trenez etortzen naiz lanera, eta geltokitik jaitsi eta parkearen aurrealdea Guardia Zibilez josita zegoen, jendea biltzen hasia zen… eta orduan hasi nintzen konturatzen egia zela esaten ari ziren hori, ameskaiztoa iruditu arren». Amorrua da Enekoitz Telleriak gogoan duen sentsazio nagusia. «Nik dudan irudia da gu pankartari helduta, patrola abiadura batean pasatzen, eta gu garrasika; ez dakit zer esaten genien ere. Amorrua, inpotentzia sentitzen genuen».
Albiste hura «denontzat oso gogorra» izan zela gogoratzen du Analia Garciak. «Shock egoeran bezala gelditu nintzen, zer esan edo zer egin ez nekiela. Ez nuen sinisten». Lantokira iritsi zenean, lankideak ere egoera beretsuan somatu zituen; hark ere, «amorrua, haserrea eta kezka» sentitu zituen. Gorka Erostarbek, berriz, «burbuila batean bezala» sentitu zela dio. «Nik behintzat horrela gogoratzen dut, erabat galduta bezala, ‘baina hau posible ote da?’ pentsatuz. Honera etorri eta berdez jantzitako Rambo horiek ikusi nituen arte. Erreakzionatzea ere kosta egin zitzaidan. Sentsazio oso arraroa zen».
Berriro zerotik hasi behar
Itxieraren kolpeari buelta ematen hilabeteak beharko zituzten askok, baina halabeharrez, berehala hasi ziren lanean, makina eten ez zedin. Telleriak gogoan du nola jende bat berehala hasi zen zer egin zitekeen pentxatzen. «Eskerrak izan zela jendea oso garaiz hausnarketa egiten hasi zena, lehenengo helburua zein zen, biharamunean egunkaria ateratzea… Asko honera etorri ginenerako makinaria hori martxan jarrita zegoen. Bilera bat egin genuen eta han esan ziguten, ‘taldetan antolatu behar dugu; talde bat arduratuko da komunikabideetaz, bestea egunkariaz…’ Eta talde horietan kokatzen joan ginen. Orduan hasi ginen ikusten, bai, hau aurrea doa».
Hark guztiak, «proiektuaren parte» zirela konturatzeko balio izan ziela dio Garciak. «Hor ikusi genuen benetan zer den proiektu bateko partaide sentitzea. Jende askok erakutsi zigun babesa, eta horrek lagundu zigun bai Egunero ateratzen, eta baita Berria ere». Babes hori, modu askotan iritsi zitzaien. Elkarte eta erakunde ezberdinetatik, kalean, harpidetzen bidez… Garciak gogoan du nola egun osoa pasatzen zuten harpidetzak egiteko deiak jasotzen. «Gehien harritu ninduena zen, euskaraz ez zekien jendeak ere deitzen zuela harpidetza egiteko. Ikaragarria izan zen». Baina benetako babesa, proiektuaren atzetik zenbat jende zegoen konturarazi ziena, Donostiako manifestazio erraldoia izan zen. Erostarberen ustez, «hor ikusi zen proiektuaren atzean zegoen masa sozial hori guztia nola hunkitu zen eta nola mobilizatu zen».
Babesa bazuten, eta proiektua aurrera ateratzea lortu zuten, baina hor izan dute beti epaiketaren itzala. «Aurrera egin nahian zabiltza baina beti dituzu orduko erreferente horiek, orain atxiloketak, orain torturak, orain epaiketa… eta horrek batetik aurrera egiteko indarra ematen dizu, baina aldi berean itzal handi baten modukoa da, esaten dizuna kontuz, hau ez da bukatu».
Berriro gerta al daiteke?
Euskaldunon Egunkariako eta Berriako lankideek garbi dute. 2003koa berriz ere gerta daiteke. Egunotan, itxieraren inguruko erreportaje sorta bat egiten ari dira Berrian, eta Telleriak azaldu duenez, «editoreek proposatutako gidoian, azken atalak horrela dio: Auzi ekonomikoa; berriro gerta daiteke? Eta erantzuna ‘bai’ handi bat da. Hamar urteko errepasoa egin, eta bukatzea esanez berriro gerta daitekeela, sekulako kolpea da. Baina hala da, berriro gerta daiteke».
Egoera ekonomikoa oso aldekoa ez bada ere, etorkizunari begira baikorrak dira. Erostarberen ustez, «proiektu anbiziotsua eta handia izan da hasieratik, eta bere ibilbidea egin du eta egiten ari da, baina garai bereziak bizi ditugu, bai gizartean, baina baita gure sektorean ere». Hala ere, etorkizuneko erronkei aurre egiteko «gogoz eta indarrez» daudela dio Telleriak. «Badago harrobia, badago kalitatea eta badago gauzak egiteko gogoa».
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.