Krisi garaian, baratzeak
Ormaiztegiko Udalak herritarrentzat 20 baratze egokituko ditu Iraiko iturrira bidean; aisialdi aktiboa, bizimodu osasuntsua eta nekazaritza ekologikoa sustatzeko asmoz
Ekonomiaren eta ekologiaren inguruko kezka sekula baino handiagoa da eta Ormaiztegiko Udalak bere aletxoa jartzea erabaki du: 20 baratze egokitu behar ditu Iraiko iturrira bidean eta, hala, herritarrei aisialdirako aukera merkea eta jasangarria eskainiko die. Baratzeak prest daude ia eta ormaiztegiarrak Aste Santuan hasiko dira bertan lanean. Lursailen zozketa aurki egingo da, baina oraindik izena eman daiteke. Horretarako udaletxera jo behar da.
Ekimen honen helburua aisialdi aktiboa sustatzea, herritarren arteko hartu-emana bultzatzea, bizitza osasuntsu baterako oinarriak eskaintzea, lehen sektoreari laguntzea eta nekazaritza ekologikoa sustatzea da.
Ormaiztegiko Udalak 20 partzela egokitu ditu, bakoitza 50 metro koadro ingurukoa. Gainera, lau txabola jarri ditu. Berauetan ekoizleek tresneria gorde ahal izango dute.
Egitasmo honetan parte hartuko dute ormaiztegiarrek hainbat baldintza bete beharko dituzte. Garrantzitsuenak bi dira: sasoiko landareak landatu beharko dituzte eta bertan lortutako produktuak autokontsumorako izango dira. Debekatuta egongo da udalaren baratzeko barazkiak saltzea.
Baratzeak zozketa publiko bitartez adjudikatuko dira. Kontzesioa urtebeterako izango da eta, arazorik ezean, urtero berrituko da (gehienez 10 urte). Erabiltzaileek 80 euroko fidantza ordainduko dute. Diru hau baratzea uzten dutenean itzuliko zaie, kalterik sortu ez badute. Hileroko tasa 6 eurokoa izango da.
Baratzeak modan daude, baina jende askok ez ditu barazkigintzari buruzko oinarrizko ezagupenak. Hori dela eta, udalak nekazaritza ekologikoari buruzko hitzaldi sorta antolatzeko asmoa du. Hitzaldi hauek udaberrian izango dira.
Proiektu honen bultzatzaile nagusiak herritarrak eurak dira. Izan ere, euretako batzuk udaletxera jo zuten baratze eske, Haritz Maiz Nekazaritza, Ingurumen eta Agenda 21 zinegotziak azaldu duenez. «Hori dela eta, zer edo zer egitea erabaki genuen. Horretarako, beste herri batzuetako esperientziak aztertu genituen». Ormaiztegiarrek Legorreta eta Arrasateko baratzeak bisitatu zituzten, besteak beste.
Ondoren, egitasmo «xume» bat martxan jartzea erabaki zuten. Hurrengo pausoa lursaila aukeratzea izan zen. Udalak Iraiko iturrira bidean duena hautatu da. Egitasmo hau garatzeko egokia da, Eztanda errekaren ondoan baitago.
Goimen garapen agentziaren dirulaguntza ziurtatu ondoren, herritarrei egitasmoa aurkeztu zitzaien. 30 bat lagunek parte hartzeko asmoa azaldu zuten. Hori dela eta, 20 baratze prestatu dira.
Ez dago aparkalekurik, udalak herritarrak oinez edo bizikletan joatea nahi baitu. Dena den, erabiltzaileek lanabesak autoz eramateko aukera izan dezaten, buelta emateko tokia egokitu da. Bestalde, ahalik eta hormigoi gutxien erabili da.
Ingurumenaren mesedetan, beste neurri batzuk ere hartu dira: ez da mangerarik egongo. Sakagailudun iturriak jarriko dira eta erabiltzaileek ureztontziak erabili beharko dituzte euren partzelak ureztatzeko. «Erreka ondoan dagoenez, toki bustia da», esan du Maizek. Gainera, udalak konpostagailua jartzeko asmoa ere badu.
Ormaiztegiko Nekazaritza zinegotziak barazkigintza ondo ezagutzen du, jaiotetxean baratzea baitute. «Baratzekoa lan polita da. Norberak landatutakoa jatea oso pozgarria da. Egindako lanaren fruituak jasotzea beti da esker onekoa. Gainera, barazki zalea naiz», aipatu du.
Hala, ormaiztegiarrak egitasmo honetan parte hartzera animatu nahi ditu. «Partzela batzuk libre daude oraindik eta izena ematen dutenak ez dira damutuko», amaitu du.