Arama, zelai eta aldapa
Ibilbide aukera aparta eskaintzen du Aramak, oinez nahiz mendiko bizikletan hauspoa gehiegi behartu gabe egiteko modukoak. Hedaduraz Gipuzkoako udalerri txikiena den arren —1,3 kilometro koadro—, udalak duela bi urte ateratako Aramako ibilbideak liburuxkak adierazten du bertako aberastasuna. Luzera eta zailtasun desberdineko sei ibilbide bildu zituzten, herritarrek beren irteeretan ondutakoak.
Lau herriren mugan
Bigarren buelta horrek, Muñotako askaraino, honaino beste ibiltzea —eta igotzea— eskatzen du. Itzuli zirkularra da Artsuagarekiko. Beraz, gero beste aukeraren norabidera itzuliko gara.
Artsuagatik gora, basoan sartuko gara. Bidegurutzean eskuineko adarrari heldu, eta basoz baso doa bidezidorra. Gasbidera irtendakoan, Muinoeta baserria joko dugu begiz.
Haren gainaldean iturria eta aska daude, atsedena hartzeko leku-une aproposean. Mugatu muinoaren (330m) barrenean gaude, hiru herrik muga egiten duten parajean. Muinoeta baserria Zaldibiakoa da, aurreko astean luizi erraldoia sortu zen haren barrenean. Askara joateko iparraldera segiko dugu metro batzuk, Goiko-Etxeberri (Arama) eta Lauhaizeta (Altzaga) etxeen alderantz.
Gaintzako lurrak ekialderaxeago hasten dira, Barriola Behekoa baserrian. Goiko-Etxeberrira (412m) iritsi aurretik, atzera basoan barneratuko gara, Aramarantz jaisteko. Maldan behera, Artsuagara aterako gara.
Han, ibilaro erosoagorako utzi dugun pista berrituan ibiliko gara hankak askatuz eta begiak gozatuz. Une oro alanbre-hesia izango dugu lagun, behe aldetik. Agerre eta Mendizabal baserriak hondoan oinetara ditugula, 800 bat metro egingo ditugu bide ordekan.
Altzagako herrigunea parez pare agertzen zaigunean, egurrezko eserleku dotorea dagoen parean bidezidor batetik jaitsierari ekingo diogu. Errepidea gurutzatu, Iturriotz baserrira irten, eta Aramara iritsiko gara.












