Festa giroan jokatuko dute derbia bihar Ampo Ordiziak eta Hernanik
Gipuzkoako errugbiak festa eguna du bihar. Ampo Ordiziak eta Hernanik derbia jokatuko dute Altamiran, 16:00etan hasita. Bi taldeek dute puntu premia: Ordiziak laugarren postuan finkatu nahi du, eta Hernanik, berriz, jaitsiera postuetatik urrundu. Zelaian borroka espero da, baina zelaitik kanpo festa kutsua izango du derbiak. Izan ere, joaneko partidan hernaniarrek egin zuten bezalaxe, Ordiziako zale eta zuzendaritzako kideek ere egitarau xume bat prestatu dute derbia girotzeko, 13:00etatik 20:00etara.
Ligarako horren baliagarriak diren puntuak ez ezik, Gipuzkoa Cup kopa ere jokoan izango dute bi taldeek. Joaneko eta itzuliko partiden baturan emaitza onena duen taldeak jasoko du Kopa. Landaren 7-34 nagusitu zitzaion Ordizia Hernaniri.
Axio Arañaren taldeak hiru puntura du hirugarren sailkatua, eta bederatzira bosgarrena, eta haren esanetan, ezinbestekoa zaio Ordiziari puntuak eskuratzea: «Bajak izan ala ez, min hartutako jokalariak eduki ala ez, ezin dugu etsi, ezin dugu hutsik egin, hirugarren sailkatuak ihes egingo baitigu bestela sailkapenean». Eta Hernani antzeko egoeran dago, baina beheko postuetan, eta irabazteko gogoz etorriko direla argi du entrenatzaileak: «Borrokalariak dira, eta ez dugu ahaztu behar El Salvadorri irabaztetik datozela».
Festa estadioaren atarian
Bi taldeetako zaleak 13:00ean elkartuko dira herrigunean Burrunbazale txarangarekin, eta trago batzuk jo ondoren, Altamira estadioaren atarira joango dira bazkaltzera. Partidaren ondoren pintxo-poteoa egingo dute, eta azken kalejirarekin bukatuko dute, 20:00etan. Bazkideek 5 euro ordaindu beharko dute sarrera.












