Hotza eta elurra iragarri dute astebururako
Euskalmet Euskal Metereologia Agentziaren iragarpenaren arabera, hotza eta elurra egingo du asteburuan, gaur hasita. Europan kokatuko den aire oso hotzeko masa batek eraginda itzuliko dira hotza eta elurra berriro, azken bi egunetako eguzkia ezkutatuz. Euskalmeten arabera, masa hotza datorren asteko lehen egunetara arte ez da mugituko, eta horren ondorioz tenperaturek nabarmen egingo dute behera.
Euskalmetek azaldu duenez, aire masa hori “erlatiboki lehorra” izango da, “baina ipar-ekialdeko haizeek bultzatuta, Kantauri itsasoan zehar hezetasunez kargatuko da, eta horregatik elur prezipitazioak gerta litezke, batez ere larunbat arratsalde-gauetik aurrera”.
Tenperaturak denbora tarte horretan oso hotzak izango dira, eta gehienezko tenperaturak 0 eta 5 gradu artean geratuko dira. “Gainera, iparraldeko haize moderatuak hotz sentsazioa areagotuko du. Hotz horrekin, prezipitazioak elurretan izango dira eta kota 300 eta 0 artean kokatuta egongo da”. Beraz, Euskalemten iragarpenaren arabera, litekeena da eskualde osoan elurra izatea larunbatetik igandera arteko gauean.
Prezipitazioak ugarituz
Larunbatetik igandera arteko gauean egin dezaken elurraz gain, igandean prezipitazioak ugariagoak izan daitezkeela iragarri du Euskalemtek, eta “elur-lodiera nabarmena izan daiteke”. Igandetik aurrera ekaitza egingo du, txingor eta guzti.
Astelehenan, berriz, oraindik ugariagoak izango dira prezipitazioak eta elur maila itsasoaren mailan eta 300 metroren artean egongo da goizean; arratsaldean 300-600 metro artean kokatuko da. Asteartetik aurrera egingo du prezipitazio kopuruak behera, baina tenperatura hotzak mantendu egingo dira.