Lizarrustiko parketxeko ostalaritza zerbitzuak bihar irekiko dituzte berriz
Lizarrustiko Parketxeak bihar ekingo dio aro berriari. Joxe Ramon Agirre Marron mendizale ataundarrak hartuko du gidaritza. Azarotik itxita egon da Ataungo Lizarrusti mendate gaineko ostatua.
Aralarko parke naturalaren interpretazio zentroaz gain, taberna, jatetxea eta lotarako aterpea izango dira, atzera. Bihar eguerdian egingo dute inaugurazio ekitaldia, 12:00etan. Lunch bat eta solasaldia izango dira, zer helburu dituzten aurreratzeko eta lantaldea ezagutarazteko. Igandean hasiko dira otorduak zerbitzatzen.
Tabernaren ordutegia 09:00etatik afari ondorenera arte izango da, egunero. Astelehenetan itxiko dute. Gainontzean, urte osoan egongo da irekita, urtarrileko opor aldian izan ezik.
Logela txikiagoak bereizi dituzte
Itxita egon den denboran aterpetxean berrikuntzak egin ditu kudeatzaile berriak Bost gela bereizi dituzte, lehen literadun logela handi bakarra zen lekuan. «Familian edo talde giroan datozenek intimitate pixka bat eskatzen zutela ikusi genuen, eta gabezia zegoen hor. Gela batzuk egin ditugu, bi lau lagunentzat , beste bi seiko, hamaseiko bat…», azaldu du Marronek. Denera 42 ohe ditu.
Azpiegitura aldetik, taberna aurrean estalpe itxi bat egiteko asmoa ere badu, beirateekin: «Terraza oso polita da, baina hau haize lekua da, euria askotan egiten du. Poliki-poliki etxea osatzen joango gara».
Mendizaleak eta bisitariak hartzeaz gain, ikastetxeetako haurrekin ere lan egingo dute, bi edo hiru eguneko egonaldiak eskaini, eta ostatua nahiz jantokia jarriz.
Marronekin hiru lagun ariko dira lanean: Nagore etxarriarra, Ainhoa ataundarra eta Cristina sukaldari uhartearra. Azken prestaketa-lanetan ari ziren atzo. Bi urterako kontratua dute, beste hirurako luzagarria.