Ohorezko jokoaren jaia
Giro adeitsua nabari da Ordiziako eta Hernaniko errugbi jokalarien artean. Gehienek elkar ezagutzen dute, eta gogotsu agurtu dute elkar. Elkarrekin nahiz elkarren aurka jokatu izan dute. «Kalean ikusiz gero ere, elkarrekin tragoren bat hartu izan dugu», azaldu du Asier Alvarez de Eulate Ordiziako jokalariak. Ordiziako Altamira errugbi zelaian elkartuko dira bihar, 16:00etan, bi taldeetako jokalariak; Ampo Ordizia eta Hernaniren arteko derbian. Partida garrantzitsua izango da errugbizaleentzat. Gainera, jai giroan ospatuko dute eguna jokalariek eta zaleek, joan den azaroan Hernanin egin bezala. Ohorezko A Mailako partida horri buruz eta, oro har, errugbiari buruz hitz egiteko elkartu dira sei jokalari, Altamiran, derbia jokatuko duten leku berean: Hernaniko Igor Genua (Hernani, 1988), Jon Otxotorena (Hernani, 1987) eta Ekhi Aranburu (Hernani, 1992); bestalde, Ordiziako Joanes Aierbe (Ordizia, 1977), Asier Alvarez de Eulate (Ordizia, 1987) eta Iñaki Suso (Tolosa, 1983).
Derbiari begira, bakoitzak argi du non dagoen bere lekua. «Faboritoa Ordizia da; horrekin jokatzen jakin behar dugu, eta gure lana ahalik eta ondoen egin», aitortu du Hernaniko Ekhi Aranburuk.Ordiziak eta Hernanik, biek Ohorezko A mailan jokatzen duten arren, hernaniarrak igo berriak dira. Ordiziarrek zazpi urte daramatzate Espainiako Ligako maila gorenean; iaz Kopa irabazi zuten, eta Ligan txapeldunorde izan ziren. Joan den asteburuan Santboianaiaren aurka galdu ondoren, laugarren postuan dira ordiziarrak sailkapenean. Hernaniarrak, berriz, nahiko txukun hasi ziren arren, bolada txarra pasa dute; sei partida jarraian galdu dituzte, baina joan den asteburukoa irabazi egin zuten, Landaren, El Salvadorren aurka. Zelaira «ahal den guztia ematera» aterako direla azaldu du Ordiziako Joanes Aierbek: «Faborito moduan gu gaude. Baina konfiantza gehitxorekin ateratzen bazara eta aurkariak ere motibatuta etortzen badira… gaizki hasiz gero, buelta ematea zaila da».
Garrantzitsuena, esperientzia
Herriko eta inguruko jokalariekin osatuta dago Hernaniko taldea. Aurrerantzean ere klubak horrela jarraitzeko asmoa omen du. «Ez dago ez asmorik ez dirurik oraingoz Hernanira kanpoko jokalariak ekartzeko», dio Jon Otxotorenak. Ordizian badituzte hainbat atzerritar taldean, eta jokatzean antzematen da aldea. «Taldekideek antzematen dute, eta haien aurka jokatzen dugunok ere bai», gaineratu du Hernaniko Igor Genuak.
Atzerritarrek laguntzen dute, baina hori baino garrantzitsuagoa «esperientzia» dela azpimarratu du Alvarez de Eulatek: «Gu duela zazpi urte igo ginen Ohorezko A mailara, eta duela hiru urte arte, azken partidetan lortu genuen mailari eustea. Ikaragarri sufritu dugu, maila galtzeko arriskuan egon garelako; bat-batean, bigarrenak gelditu ginen. Beste eskarmentu eta esperientzia bat dugu orain; ikasi egiten duzu erritmo horretan jokatzen».
Genuak ere aitortu du partida batzuk galdu dituztela maila gorenean lehen urtea dutelako, esperientzia faltagatik: «Lehen, akats bat egiteak ez zuen hainbesteko garrantzirik, baina orain aurkariek ez dizute ezer barkatzen», azaldu du.
Batzuk mailaz igo berriak direnez eta besteak Kopako txapeldunak eta Ligako txapeldunordeak, itxaropen desberdinak dituzte. Beren buruari helbururik ez diotela jarri azaldu du Ordiziako Aierbek: «Poliki-poliki hazten joan gara, baina presioa klubetik baino gehiago herritarrengandik antzeman dugu. Badirudi behin txapeldun izan garelako hurrengo urtean ere lortu behar dugula. Baina besteek ere jokatzen dute». «Denboraldia hasten zenean, mailari eutsiko genion galdetzen ziguten lehen; orain, zer irabaziko dugun, Kopa edo Liga», gaineratu du Alvarez de Eulatek. Lana ondo egiten ari direla pentsatzen du Aierbek: «Kluba lasai dago, hasieratik apustu onak egin direlako. Gure helburua ahalik eta ondoen jokatzea da. Gero, zerbait badator, ongi etorria izango da».
Hernaniarrak helburu horietatik urruti daude: «Mailari eustea» eta «ikastea» da xedea. «Denboraldi hasieran jendea asko emozionatu zen, baina denborak jarri du bakoitza bere tokian», nabarmendu du Aranburuk. Oraindik partida batzuk irabazi eta «ezusteko pare bat» emango dituztela uste du Genuak.
Zelaia, urez beteta
Errugbi zelaiarekin ere izan dituzte gorabeherak. Hernanin, euriteekin ibaiak gainezka egin, eta behin baino gehiagotan urpean gelditu izan zaie Landare. Urtero izaten dituzte arazoak, eta aurtengo euriteekin, areagotu egin dira. Horrelakoetan, entrenatzera Zubietara joaten dira, eta partidak Donostian jokatzen dituzte, Bera Bera taldearen zelaian. Beste urte batzuetan Zarautzen ere jokatu izan zuten. Aldaketa horiek arazoak eragiten dituztela azaldu du Genuak, beraien laneko errutinak ere aldatu egiten baititu. «Behintzat jokatzeko bi zelai ditugu». «Eta arropa garbia», gaineratu du Aranburuk.
Ordiziakoek belar artifizialeko zelaian jokatzen dute azken hiru urtean: Altamiran. Alde horretatik, urte guztian «kalitatezko entrenamenduak» egin ditzakete. Halere, Trebijano zelai zaharraren falta sumatzen dute. Hala azaldu du Alvarez de Eulatek: «Geu bakarrik geunden, eta oso erosoa zen; orain futbolekoekin eta atletsimokoekin batera gaude». Aierbek ere « xarma» bazuela dio, «jendea oso gertu zegoen…».
Errespetu handiko kirola
Beti izan du errugbiak kirol gogorraren ospea. «Partida bat lehen aldiz ikustean badirudi sekulako zartakoak eman eta jasotzen ditugula, baina, kirola jarraituz gero, konturatzen da nolako errespetua zaion arbitroari eta arerioari», azaldu du Genuak. Sarri errugbia saltzeko modua «bi talde mutur joka» aritzea izan dela uste du Aierbek. «Baina pixkanaka aldatzen ari da hori ere». Errugbiaren ikuskizunak jendea erakarri egiten duela ere uste dute. «Ulertu edo ez ulertu, behin partida bat ikusi, eta ia astebururo etortzen dira batzuk; erakarri egiten du», adierazi du Susok. Izan ere, hankaz gora erortzea «ikusgarria» izan daiteke. Baina haiek zelaian ez dira horretaz jabetzen. Minik ez hartzeko, erortzen jakitea «teknika» kontua da.
Beste kirol batzuekin alderatuta, proportzioan lesio larri gutxi izaten direla diote. «Gutxi gorabehera, parez pare ibiltzen gara lesioetan futbol jokalariak eta gu», azaldu du Alvarez de Eulatek. «Kolpeak izaten ditugu, aurpegia urratuta ere bai, baina horiek ez dira larriak», gaineratu du Otxotorenak; «txapakoak», erantzun diote besteek. Askotan lesio larrienak era «tontoenean» heltzen direla diote. Ordiziako Susok kontatu du, esaterako, aurten bi lesio larri izan dituztela taldean; «batek berak bakarrik jauzi egiten hartu zuen mina».
Errugbiak trasmititzen dituen balioak ere kirol horren filosofiaren erakusgarri dira. Ez dela kirol baztertzailea esan du Aierbek: «Txikiago, handiago, potoloago edo mehago izan, denek dute lekua errugbian». Laguntasuna eta errespetua ere garrantzitsuak dira, «taldekideen artean eta baita aurkariarekiko ere». Balio horiek landu egiten dituztela gaineratu du Alvarez de Eulatek: «Entrenatzaileak beti erakutsi digu balio horien garrantzia».
Idatzi gabeko arau horiek denek errespetatzen dituzte. Horien barnean sartzen da errugbiko hirugarren denbora ospetsua ere. Partida amaitutakoan, bi taldeetako jokalariak elkarrekin joaten dira zerbait jatera; emaitza dena delarik ere, hala egingo dute bihar ere. Umetatik erakusten zaie ohitura hori. «Errugbian lehen entrenamendura etorri nintzenean, amaitutakoan, patata frijituak, kakahueteak, edariak eta beste eman zizkiguten. Harrituta geratu nintzen; errugbian jarraitzeko arrazoietako bat hori izan zen. Harremanak sortzen asko laguntzen du», azaldu du Genuak.
Errugbirako zaletasuna aspalditik dago Ordizian eta Hernanin; halere, azken urteetan gorakada nabarmena antzeman dute. Maila gorenera igotzeak asko eragin zuen herriko zaletasunean. «Herritarren babes handiagoa dago, errugbi eskolan mutiko gehiago daude, eta errugbi giroa berriro pizten hasi da», adierazi du Aierbek. Igoerak errugbia gehiago ezagutarazteko ere balio izan du.
Hernani Ohorezko Mailara iaz igo bazen ere, duela urte batzuk ere maila horretan jokatutako taldea da, 1977. eta 1987. urteen artean. Urte horietan lau aldiz izan ziren txapeldunorde. Errugbiari oso lotuta egon den herria izan den arren, urte batzuetan beherakada antzeman dutela azaldu du Genuak. «Baina azken urteetan berriz errugbi giroa berpizten ari da, oinarriko lana pixkanaka lantzen ari baitira». Iaz, mailaz igotzeko zeudenean, eta aurten, maila gorenean, partidetara jende gehiago joaten dela nabari dute.
Zale aldetik, nagusi
Zaletasunari dagokionez, ia kirol nagusia da errugbia bi herrietan. «Zaila da futbolarekin lehiatzea, baina herritar gehiagok jarraitzen dute errugbia», dio Aierbek. Ordizian ezezik, taldea Goierri osora zabaltzeko ere lan handia egin dute; errugbi taldeak eskualdeko eskoletan egiten duen lana da horren erakusgarri. Horietan dago harrobiaren etorkizuna.
Oro har, 1.000-1.500 zale inguru joaten dira bi taldeen partidak ikustera; halere, partida berezietan kopuru horiek txiki geratzen dira. Duela bi urte La Vila taldearen aurka jokatutako partida gogoan du Alvarez de Eulatek: «Ia 3.000 pertsona etorri ziren. Lehen aldiz bigarren geratu ginenean izan zen. Azken partida zen, jai txiki bat zegoen antolatuta, eta oso eguraldi ona egin zuen. Dena gure alde genuen». Hernaniarrek, berriz, iaz mailaz igotzeko jokatu zituzten kanporaketak aipatu dituzte; Ciencias Cajasolen aurkako partidan, 2.000 pertsonatik gora bildu ziren. Azaroan Ordiziaren aurka jokatu zutenean ere, jendetza izan zen.
Hernanin eta Ordizian dagoen zaletasun hori ez dute ikusi beste hainbat lekutan. Adibide bat jarri du Susok: «CRC Madrilgo taldeak liga irabazi zuenean, 300 ikusle egongo ziren». Hemengo zaleak, berriz, asko mugitzen direla adierazi du Aierbek: «Badira Madrilera edo Valladolidera partida ikustera egunpasa joaten direnak; leku horietan pasa izan zaigu ia Ordiziako ikusle gehiago egotea». Biharkoan ez dute hain urrutira joan beharrik izango bi herrietako zaleek errugbiaz eta kirol horren inguruko jaiaz gozatzeko.