Ormaiztegik atez ateko sistema zehazteko lehen pausoa eman du
Atez ate hondakin bilketa sistemari inguruko parte-hartze prozesua hasi dute Ormaiztegin. Atzo Rosa Maria Urkia alkateak eta Azeari Andonegi Sasieta Mankomunitateko lehendakariak prentsaurrekoa eskaini zuten eta, ondoren, herritarrekin bilera informatiboa egin zen.
Ormaiztegiko Udalak atez ateko sistema merkeagoa dela eta birziklatze tasa «izugarri» handituko duela uste du. «Posible izango da gutxienera ere %73 birziklatzea, hala gaur egungo tasa 39 puntutan handituz. Izan ere, Ormaiztegin %34 bakarrik birziklatzen dugu», aipatu zuen Urkia alkateak.
Papera, ontzi arinak, materia organikoa eta birziklagarria ez den errefusa Sasietak doan banatuko dituen kuboetan jasoko da. Beira, etxeko olioa, pilak eta arropak, orain arte bezala, edukiontzi bidez bilduko dira. Landa guneetan gaikako bilketa egiteko gunea proposatzen da eta merkatari eta ostalariek teknikari baten laguntza izango dute.
Andonegik sistema berria «beranduenera ere» udarako martxan jarri nahi dutela azaldu zuen. Lehenago, parte-hartze prozesua egingo da. Bertan, bizilagunek kubo urdina ala edukiontzi handiagoa erabili, kubo horia ala poltsak erabili eta kuboak etxe aurrean utzi ala zintzilikatu erabakiko dute. Egutegia eta ordutegia ere malguak dira. Martxoaren 4tik aurrera auzoz auzoko bilerak egingo dira.