Gabiriako probarako motorrak berotzen
Igandean Gabiriako rallysprinta izango da, Goierrin antolatzen den auto lasterketa garrantzitsuena da. Parte hartzaileen artean goierritar asko izango da. Baita gabiriar bat ere: Xabat Goikoetxea gaztea. Goikoetxeak 22 urte ditu eta Aztiria auzokoa da. Bere gurasoen erretegian lan egiten du eta aisialdian auto lasterketetan parte hartzea gustatzen zaio. Ander Romaratezabala legazpiarra da kopilotua.
Umetatik da auto zalea, nahiz eta bere familian inork ez duen zaletasun hau. «Aitak eramaten ninduen lasterketetara, baina bera ez da bereziki zalea. Gabiriako, Azpeitiko… probetara joaten ginen. Legazpiko gidariekin elkartzen ginen eta euren autoetan esertzen uzten zidatenean, sekulako poza hartzen nuen».
Hala, denbora kontua zen bera ere lasterketetan hastea. Diru pixka bat aurreztu bezain laster hasi zen, Legazpiko gidarien laguntzarekin. «Autoa erosteko orduan, aholkua eskaini zidaten».
Zaletasun garestia
Peugeot 205 GTI bat erosi zuen. Istripu batean txikitu zuen eta modelo berbera erosi zuen berriz. «Automobil mitikoa da. Dena den, arazo gutxi ematen duelako eta merkea delako erosi nuen».
Berak eta Romaratezabalak hamar bat rallysprintetan parte hartu dute dagoeneko: Hondarribian, Eibarren, Aramaion, Azpeitian… Baina euren proba kuttuna Gabiriakoa da. «Lagun guztiak bertan izaten dira eta, gainera, ibilbidea oso gustukoa dugu. Lagunen animoak jasotzea oso pozgarria da».
Oraingoz ez dute emaitza onik lortu, baina ez da hori euren helburua. «Ez gara emaitza bila joaten. Ezin dugu arriskatu, ez baitugu dirurik. Kolpe bat hartuz gero, denboraldi osoa galdu dezakegu. Zaletasun garestia da eta laguntzeko prest dauden lagunak izatea oso garrantzitsua da».
Etorkizunera begira, bere ametsa orain arte bezain gustura jarraitzea da. «Ahalik eta urte gehien jarraitu nahi dut autoarekin eta lagun taldearekin», amaitu du.