Gabiriako Rallyesprinta igandean jokatuko da, goren mailari eustea lortuta
Euskal Herriko automobilismo sasoia irekiko duen Gabiriako XV. Rallyesprinta igandean jokatuko da. Egoera ekonomiko orokorra estu dagoen arren, beste urtebetez antolatu du Lagun Artea eskuderiak, partaidetza oparoarekin —51 talde— eta kalitateko autoekin gainera.
Igandean 15:00etan hasiko da lasterketa. Kamiño Zaharra deritzon bidean (Gi-3540), Legazpiko Motxorro aldetik irtengo dira autoak, eta Gabiriako Korta jatetxea baino goraxeago izango da helmuga. 6,65 kilometroko zatian hiru erlojupeko izango dira. Errepide hori 10:00etan itxiko dute, eta ezin daiteke barruan aparkatu. Ikuskapen administratiboak eta teknikoak 09:00etan hasiko dira, Kortako aparkalekuan.
Joxe Labaka eta Aitor Otaegi bikoa da irabazteko faboritoetako bat, iaz rallyesprinten Euskal Herriko txapela jantzi ondoren. Mitsubishi Evo V autoa gidatuko dute. WRCen faltan, beste hiru Mitsubishi ere irtengo dira: David Ardions, Iban Tarsicio eta Jon Davoz dira beste faboritoak. Horiez gain, 15 BMW daude zerrendan, tartean Txus Jaio, Iñaki Alberdi eta Aingeru Castro. Suzuki rally taldeko gidari ofizial Gorka Antxustegi ere badoa (Peugeot 205).
Goierritarren artean, Iñaki Sarasola-Haritz Usabiaga (Clio Sport) joango dira, baita Saxo VTS banarekin Maikel Iriarte-Jon Lonbide, Iñigo Izuzkiza-Jon Agirre eta Egoitz eta Xabier Mujika ere, edo Xabat Goikoetxea-Ander Romaratezabala (205 GTI).
Denboraleari aurre egiten
Arlo guztietan bezala, rallyek ere jasan dute krisia. «Daukagun egoerarekin, parte-hartzaile zerrenda oso ona da. WRCak kenduta —horiek garajeetan daude—, maila altueneko autoak dira, eta asko daude», azaldu du Euskal Automobilismo Federazioaren lehendakari Angel Gurrutxagak, .
Iaz arte ez bezala, pilotuek modalitate bat aukeratzen dute orain. «Batzuek mendi saileko probak, besteek rallyesprintak edo rallyak. Lehen espezialitate denetan parte hartzen zuten».
Gabirian iaz lehen erlojupekoan denbora onena egin zuen David Ardions ere proba gutxiagotara joango da aurten, baina igandean izango da. «Gabiria etxe parean tokatzen zait, eta gustatu egiten zait karrera hau; horregatik etortzen naiz. Bestela, aurrekontua nahiko mugatua dago».
Lasterketaren aurrekontua, hala ere, estali dute. «Babesle txikiagoak baina gehiago lortu ditugu, eta eskerrak horiei», esan du Kortako Lontxo Ormazabalek. Legazpiko Udalak babesa eman dio probari, aurten lehen aldiz.
Ormaiztegitik gorako bidea igotzeko soilik izango da etzi. Autoak eskuin bazterrean aparkatu ahalko dira. Gabiriatik irteteko, Alegia aldera jaitsi beharko da, nahitaez. Segurtasun neurriak betetzeko, komisarioen esanei kasu egiteko eta ingurunea zaintzeko eskatu dute antolatzaileek.