
Martxoan Bertsoa hastera doa. Hamaikagarrena da aurtengoa, eta Zumarraga-Urretxuko Bertso Eskolako kideek berritasun handirik ez dagoela esan badute ere, Urretxuko Aizpurunea kultur etxean egindako aurkezpena aurrera doan heinean, oraingoan ere berritasunak egon badaudela agerian geratu da. Kanporaketa bat gutxiago hartuko du taldekako bertsolari txapelketak. Gorka Azkarate bertso eskolako kideak esan duenez, «hasieratik egoitza izan dugun Urretxuko Aldiri taberna itxi baitute».
Hamabi talde lehiatuko dira Goierri garaiko hainbat oholtzatan, eta hamahirugarrena osatzeko aukera badago; iaz baino gutxiago izango dira bertsolariak. Kopuruaren jaitsierak ez ditu, halere, bertso eskolakoak kikildu, eta Gorka Azkaratek herenegungo aurkezpenean umorez heldu zion jaitsierari ere.
Bertsolarien jatorria, aitzitik, ugaritu egin da taldekako txapelketan izena eman dutenen zerrendan. Goierri garaiko lau herrietako bertsolariez gain, Gabiria, Gasteiz, Oñati, Aretxabaleta, Antzuola eta Azpeitiko hainbat bertsolarik parte hartuko dute aurtengo txapelketan. Gabiriako eta Gasteizko bertsolarien parte hartzea aspaldikoa da Martxoan Bertsoan. Aurtengoan talde bat gehiago sortu dute Gabirian, eta hiru izango dira guztira. Asier Otamendi urretxuarrak ere ez dio hitzorduari hutsik egingo, eta Gasteizko bertso lagunekin
Potato taldea osatuko du.
Izena bakarka eman dute gehienek, eta aurreko urteetako taldeak hautsi ez dituztenak gutxienak izan dira. Azkarateren arabera, «gure politika bakarkako izen-emate hori bultzatzea izan da, bertsolariak nahas zitezen. Horrek, finean, gure arteko harremana sendotzea dakarrelako». Hori dela eta, zozketa egin dute taldeak osatzeko. Zozketa Martxoan Bertsoa ekimenaren aurkezpenean egin zuten herenegun. Beñat Torres bertsolari urretxuarrari egokitu zitzaion talderik gabe geratzea, eta Azkaratek zehaztu zuen orain «erronka, Beñati taldea bilatzea» dela.
Saioetan bertsolaritzarekin lotutako berritasunik ere egongo da. Martxoan Bertsoako lehiaketan beti heldu izan diote umoreari. «Bertso ariketa ezberdinak proposatuko ditugu, eta umoreak toki garrantzitsua izango du. Teknika zainduta ere, esperimentazioari helduko diogu», esan du Azkaratek, eta esparru honetan «lehenengo saioa esperimentazio horren proba egiteko balioko» duela gehitu du.
Haurren trebezia lehiaketa
Aurreko guztiak Martxoan Bertsoak izango dituen ukitu berriak dira. Azkaratek aurreko urteen aldean, aurtengo edizioaren «bizkarrezurra nahiko antzekoa izango» dela esan zuen arren. Antzekotasun horrek egitarau orokorrarekin zerikusia du, izan ere, «orain arte funtzionatu duen egitarauan» ez dute «aldaketa handirik egin».
Martxoan Bertsoa ekimenak taldekako bertsolaritza txapelketa hartuko du, bertso bazkaria izango da, hitzaldia egongo da, eta gaztetxoei zuzendutako lehiaketa ere jarriko dute martxan.
Ezetz Lortu! umeentzako trebezia lehiaketa umoretsua egingo dute bigarren urtez; iaz arrakasta handia izan zuen. Martxoaren 5era arte izen-ematea zabalik dago. Kanporaketak martxoaren 10ean eta 17an izango dira Urretxuko Labeaga aretoan. Finala martxoaren 24an izango da.
Eskolarteko Bertsopaper lehiaketako sariak martxoaren 15ean banatuko dituzte. Gaur da lanak uzteko azken eguna.