Lazkaon ‘lazkaotarrok.org’ webgunea sortu dute, herriko eragileen berri emateko
Egun batzuetako proba aroaren ondoren, atzodanik ofizialki zerbitzua ematen da Lazkaon lazkaotarrok.org herri ataria. Udalak bultzatu du, eta Lazkaoko elkarte, talde nahiz erakunde guztiei zabalik dago.
Talde bakoitzak bere webgunea du lazkaotarrok-en barruan. Albisteak, argazkiak eta bideoak igo ahalko ditu bakoitzak. Ondoren, webgune nagusian bata bestearen atzetik azalduko dira informazio guztiak. Talde bakoitzaren gunean, euren albiste, argazki eta bideo atalak dituzte.
Taldeez gain, herritar soilek ere parte hartzeko aukera badaukate. Argitaratu nahi duten albistea edo iritzi artikulua posta elektronikoz (lazkaotarrok@lazkaotarrok.org) bidali behar dute. Kudeatzailearen galbahea igarota, hark igoko du sarera.
Herriko ekitaldien agenda bateratu bat ere badauka. Webgunean sartzen diren gaiak sare sozialen bidez hedatzeko modua ere eskaintzen du atariak. Harpidetzen direnek, bestetik, astean behin buletin bat jasoko dute, emailez.
Hasiera 22 elkarterekin izan du lazkaotarrak.org-ek. Gizarteko esparru guztietakoak daude.
Zaldibiako (zaldibia.org) eta Ormaiztegiko (ormaiztegi.org) esperientziei jarraitu die Lazkaoko herri atariak ere. Informazioaren gizartean, edukiak elkarrekin banatzeko eta tokiko informazioaren bilgune bat izateko filosofia du oinarrian.