«Martxoaren 3tik aurrera, guztia edukiko dugu oraindik egiteko»
Udalbiltza 1999an sortu zen Lizarra-Garazi akordioaren gerizpean, eta besteak beste, Euskal Herriaren naziotasuna aldarrikatzea zuen helburu. Hasierako urte emankorrei, gainbeheraren garaiak jarraitu zien, egoera politikoak eta Espainiako indar polizialen eta judizialen «kriminalizazioak» eraginda.
Zer helbururekin jaio zen Udalbiltza?
Udalbiltza orain hamalau urte sortu zen, eta Euskal Herriko udal hautetsien bilkura da. Duen helburua nazio erakunde ofizial bat izatea da. Garrantzitsua da azpimarratzea, gu oinarri horretatik hasi garelako, bost printzipiotan oinarrituta eratzen dela Udalbiltza.
Zeintzuk dira?
Euskal Herria nazioa dela aldarrikatzea, Euskal Herriaren eraikuntza politikoan laguntzea, Euskal Herriaren eraikuntza nazionala bultzatzea, Euskal Herria bezala aritzea nazioartean, eta herrialde guztietako udalerrien arteko harremana sustatzea.
Zuek oinarri horretatik hasi zaretela esan duzu.
Bai, bost printzipio hauek dira, 1999an Euskaldunan egin zen batzar eratzailean onartu zirenak, eta horiek dira hamalau urte beranduago, Udalbiltza berrantolatzen hasteko guk hartu eta ontzat eman ditugun oinarriak.
Zein zen egoera Udalbitzako sorrera garaian?
1999an giro politiko berezia zegoen. Alderdi politiko ezberdinen bateratze saiakera batetik gentozen. Egitasmoak Euskal Herriaren aitortza egiten duten eragile politiko ezberdinen atxikimendu zabala jaso zuen. Horren adibide da, orduko batzar eratzaileak 1.800 atxikimendurekin Euskaldunako aretoa bete zuela, adibidez. Garai berezia zen politikoki, bazirudien ilusio berriak pizteko aroa zela, eta testuinguru horretan sortu zen. Ondorengo ibilbidea ere zentzu horretan ulertzen dugu.
Dena ez zen, hala ere, arrosa kolorekoa izan. Sortu eta gutxira haustura gertatu zen barne egituran.
Udalbiltza berak bi zigilu izan ditu. Maila politikoan, gizartean bezala, Udalbiltzan ere islatu zen haustura bat. Udalbiltza alde batetik, eta Udalbide bestetik. Ezker abertzaleak osatuko zuen aldeetako bat, eta EAJk eta EAk hartu zuten Udalbideren bidea. Orain, berrantolatze lanetan hasi garenean, bi aldeak batzea da asmoa, baina momentuz ez da posible izan.
ETAk ekintza armatura bueltatzeko asmoak, eta Baltasar Garzon epaileak Udalbiltzaren aurka irekitako auziak eragin zuten haustura hori?
Udalbiltza Espainiako epaitegiak kriminalizatua eta epaitua izan zen. Hamar urte luzez iraun duen prozesua izan da, atxilotuak eta epairik gabe kondenatutako espetxeratuak tarteko.
Absoluzioa izan da azkenean, epaileak ebatzitakoa.
Bai, Euskal Herrian beste hainbat prozesurekin gertatu bezala absoluzioarekin amaitu zen Udalbiltzaren aurkako auzia ere. Inongo zilegitasunik gabe egin zen prozesu bat izan zen. Euskal Herrian politika neurtzeko bi modu daudela argi utzi zuen, bizi dugun eszepzio egoera azaleratuz.
Bitarte horretan, hala ere, lanean jarraitu du ekimenak.
Udalbiltzak hamaika ekimen egin ditu Euskal Herriaren garapena sustatzeko, hegoaldean zein iparraldean. Ez da ahaztu behar, bestetik, banaketa eman zenetik Udalbide ere lanean aritu dela bere aldetik gauzak egiten.
Udalbiltzaren sorreraren testuinguruan bezala, gaur egun ere Euskal Herriak aro politiko itxaropentsua bizi du.
Bai, eta giro horretan sortu da berriz ekiteko asmoa. Euskal Herria aro politiko berri batean sartuta dago. Horregatik, orain inoiz baino gehiago elkarren arteko oinarrizko harremanek dute garrantzia. Udalbiltza zazpi herrialdeetako udalerriak saretzeko dagoen erakunde bakarra da, eta lehenetsi beharreko zerbait dela iruditzen zaigu.
Hortik Udalbiltza berriz berrabiaraztea, ala?
Bai, noski. 2012 hasieran ekin genion berrantolaketari. Lehenengo lana gure etorkizuna irudikatzea izan zen, eman beharreko pausoak zehaztea. Ondoren, apirila inguruan egitasmoaren aurkezpen publikoa egin genuen Ficoban, Irunen. Behin aurkezpenak eginda, udalez udal hautetsi bakoitzari gonbitea egin genion.
Nolakoa izan da gonbiteen erantzuna?
Zazpi herrialdeetako hautetsi guztiei luzatu diegu gonbitea, 7.000ri. Sentsibilitate politiko guztietako hautetsiak dira. Horietatik 1.200 atxikimendu jaso ditugu dagoeneko; pozik gaude jasotako erantzunarekin.
Guztiak gonbidatu dituzue biharko bilkurara?
Victoria Eugenian biharko eginda daukagun hitzordua garrantzitsua da; batzar eraikitzailean Udalbiltza martxan jarriko dugu. Horretarako talde eragileak estatutu proposamen bat landu du, hautetsiei aurrez jakinarazi zaiena. Estatutu hauen onarpena egingo da batetik. Eta bestetik, batzar eragilea izan garenontzat beste fase bat hasiko da; benetan garrantzitsua izango da bihar hautatuko dugun zuzendaritza taldea.
Eta, biharko bilkuratik aurrera, zer?
Martxoaren 3tik aurrera, guztia edukiko dugu oraindik egiteko. Lan eskerga izango da, dudarik gabe. Baina, orain arte jasotako babesetik lan hori egiteko prest dagoen jendea badagoela ondorioztatu dugu, eta ilusioz hartzen dugu oraindik egiteko daukagun bide berri hau.