Argi Berri saria bihar da, Osinalde sarirako lehen saio puntuagarria
Bihar jokatuko da Ordiziako Buztuntza auzoko Argi-Berri elkartean bertsolari gazteek estimu handitan duten Osinalde sariketako lehen saio puntuagarria: XVI. Argi-Berri saria. Epaileen iritziz ondoen aritu diren bi bertsolariek lortuko dute Osinaldeko finalera joateko eskubidea, eta entzuleek erabakiko dute nork irabaziko duen Argi-Berri saria. Bertso sariketaren egitura, beraz, aurreko urteetako berbera da. Gabiriako saio nagusirako beste bi kanporaketak Zaldibian eta Aztirian jokatuko dira, hilaren 16an eta 23an, hurrenez hurren. Osinaldeko saioa apirilaren 6an izango da, Aste Santuen ondorenean.
Honakoak dira bihar Ordizian kantuan ariko diren sei bertsolariak: Aitzol Iturbe (Antzuola), Josu Oiartzabal (Azpeitia), Ainhoa Comas (Amurrio), Paula Amilburu (Aramaio), Aitor Salegi (Zestoa) eta Nekane Zinkunegi (Errezil). Jokin Bergara eibartarra zen Argi-Berriko saioan aritzekoa, baina azkenean ezingo da bertan izan, eta hori dela eta, Zaldibiako Osinberde sarian kantatzekoa zen Zinkunegi ariko haren ordez. Saio parekidea izango da, hiruna neska eta mutil ariko baitira zein baino zein.
‘Txikia’ oroigarria irabazleari
Buztuntza auzoko Kiko-Enea tabernan eta Herrikoan daude salgai biharko afarirako txartelak, 25 euroan. Afaria 20:30ean da, eta bertso sariketa 23:00ak aldera hasiko dela aurreikusten dute antolatzaileek, eta afarian izan ez diren bertsozaleek saioa entzuteko aukera izango dute.
Sei bertsolariek Irriz eta malkoz bertso bildumaren ale bat jasoko dute opari, eta Argi Berri sariaren irabazleak –entzuleen gustukoenak– Txikia oroigarria jasoko du. Antton Mendizabal eskulturgileak Lazkao Txiki zenaren omenez egindako eskultura bat da, Txindokiren irudia egurrarekin eta arbelarekin uztartzen duen artelana. Era berean, orduantxe jakingo da zein bi bertsolarik kantatuko duten Osinalden. Iaz Endika Igartzabal gabiarrak irabazi zuen Argi-Berri saria, baina ez zuen finalean aritzeko txartela lortu. Amaia Iturriotz urretxuarra –gerora irabazle izan zena– eta Imanol Uria algortarra sailkatu ziren Ordizian.
Zaldibian eta Aztirian hurrena
Aurten bada berritasun bat Osinaldera begirako kanporaketetan. Orain arte Idiazabalen jokatu izan da kanporaketa bat, Axari saria izenpean, baina aurten, Zaldibian izango da Idiazabalgoaren ordezko saioa. Osinberde saria hilaren 16an jokatuko da Joxepane Herri Ostatuan, eta honako sei bertsolariak ariko dira kantuan: Iñaki Aleman (Irurita), Nerea Ibarzabal (Markina), Josu Sanjurjo (Lesaka), Maindi Murua (Azkaine), Jokin Bergara (Eibar) eta Joanes Etxaide (Zegama). Etxaide da lehian ariko diren 18 bertsolarietatik goierritar bakarra.
Hirugarren eta azken kanporaketa bihar hamabost izango da Aztirian. Maddi Ane Txoperena (Hendaia), Imanol Uria (Algorta), Eneritz Artetxe (Azkoitia), Peio Ormazabal (Arrigorriaga), Imanol Irazustabarrena (Alegia) eta Joanes Etxeberria (Barkoxe) ariko dira kantuan. Zaldibiako eta Aztiriako afarietarako txartelak salgai daude dagoeneko. Afari horiek ere 20:30ean dira, baina saioa entzutera edonor joan daiteke.