«Etorkizuneko herritar parte hartzaileak sortzea da gaztelekuaren helburua»
2009an Zegamako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Gazteriako Sustapen Sisteman eskuhartzeko hitzarmena sinatu zuten, eta proiektu horretatik sortu zen Zegamako Gaztelekua. Bertako arduraduna da Ainitze Azurmendi herritarra.
Zenbat denbora da Zegaman gaztelekua martxan jarri zenutenetik?
Bi urte eta erdi dira gaztelekua martxan dagoenetik; 2010eko uztailaren 2an inauguratu genuen.
Zenbat erabiltzaile daude?
Gaur egun 12 eta 18 urte arteko gazteak biltzen dira Zegamako Gaztelekuan. Une honetan 59 gazte herritar elkartzen dira, 32 neska eta 27 mutil.
Zein behar ikusi zenituzten Zegaman halako proiektu bat martxan jartzeko?
Herrian diagnostiko zehatz bat egin ondoren, gazteen atalari lehentasuna ematea erabaki zen. Hala, zuzendutako proiektu hezitzaile batean oinarritutako zerbitzu baten beharra zegoela ikusi zen, eta gaztelekuaren proiektua garatzea erabaki zen.
Zein helbururekin sortu zen gaztelekua?
Zerbitzu honen bidez nerabeekin batera prozesu bat lantzea zen helburua, beraien ardurak hartzen ikasiko zutena, espazio baten kudeaketak suposatzen dituen zailtasunez, abantailez eta antolakuntzaren garrantziaz jabetuko zirena, beraien adierazpena eta parte-hartzea sustatuko zituena, bizitzarako gaitasunak eta trebetasuna lortuko zituena…
Aisialdirako aukera gutxi dauden herrietan, Zegamaren kasuan adibidez, zenbaterainoko garrantzia du halako leku batek?
Garrantzia handia du, herriko nerabeentzat erreferentzi puntu bilakatu da gaztelekua eta bertatik etorkizuneko herritar parte-hartzaile izango direnak sortzea da helburua.
Heziketaren alorrean zein lan egiten duzue?
Gaztelekuan, jolasteaz gain, lantzen diren gaiak anitzak dira: parte hartze bideak sortu, berdintasuna eta euskararen erabilera sustatu, eta jatorri eta egoera ezberdinetan dauden nerabeengana iristeko zubiak eraiki, besteak beste.
Nola erabakitzen duzue zein ekintza egin gaztelekuan?
Hiruhilero nerabeekin biltzen naiz eta guztien artean adosten ditugu epe horretan egingo diren ekintzak. Amaitzean, ekintzen balorazio bat ere egiten dugu.
Gazteei dagokionez, zer ekarpen egiten die gaztelekuek bezalako guneek?
Ardurak hartzen ikasten dute eta beraien parte hartze maila igotzen doan heinean, herritar aktibo bilakatzen joaten dira nerabezarotik gaztarora igarotzean.