«Faltan sumatu izan ditut nire haurtzaroko ipuinen istorio sinpleak»
Libe Anduezak (Legazpi, 1972) haurrentzako bere lehenengo ipuina argitaratu berri du, Maitagarri txikiak: Sorgintxo lagun berria izenburupean. Andueza, dena dela, ez da idazlea ogibidez. Ingeniari teknikoa da, eta Mondragon Korporazio Kooperatiboan lan egiten du, diseinu mekanikoaren alorrean.
Goierriko Hitza
Goierri
Libe Anduezak (Legazpi, 1972) haurrentzako bere lehenengo ipuina argitaratu berri du, Maitagarri txikiak: Sorgintxo lagun berria izenburupean. Andueza, dena dela, ez da idazlea ogibidez. Ingeniari teknikoa da, eta Mondragon Korporazio Kooperatiboan lan egiten du, diseinu mekanikoaren alorrean.
Ipuina egiteko ideia «egun batetik bestera» sortu zitzaiola aitortu du. Hala ere, beti izan du gustuko gauzak sortzea. Baina ez da ezerekin «gustura» sentitu, Maitagarri txikiak iritsi arte. Lehenengo liburua kalean da, baina proiektua ez da hemen amaitzen. Bigarren alea «ia amaituta» dauka, eta hirugarrena egiteko ideiak ere pentsatuak ditu dagoeneko.
Nola bururatzen zaio ingeniari tekniko bati haurrentzako ipuin bat egitea?
Egia esan, ia egun batetik bestera sortu zitzaidan ipuina egiteko ideia. Nirea den zerbait egiteko gogoa izan dut beti, baina orain arte ez dut jakin oso ondo zer. Gauza ezberdin asko egin dut, eta ipuineko pertsonaiak aspalditik nituen buruan bueltaka. Azkenean, buruan nuen hori paperean marraztera animatu nintzen.
Margotzeko zaletasuna duzu orduan?
Esandako eran, denetarik egin izan dut; tartean, baita margotu ere. Gauza asko hasi ditut, baina ezer gutxi amaitu. Nire bokazioa zein den asmatzea kostatu egin zaidala esango nuke. Ikastaro asko ere egin ditut; azkena, Photoshop programari buruzkoa. Ikaragarri ondo etorri zait bertan ikasitakoa ipuineko marrazkiei azken ukitua emateko.
Egin duzun guztiaren artean, zergatik azkenean haurrentzako ipuin bat?
Esan dudan eran, pertsonaiak aspalditik definituak nituen, eta garbi nuen haurrei begirako zerbait izan behar zuela. Gainera, 5 eta 8 urteko bi haurren ama ere banaiz: Izaro eta Ikerrena. Beti esan izan diet txantxetan seme-alabei egunen batean ipuin bat egingo nuela. Eta, azkenean, ia konturatu gabe, egia bihurtu da.
Pertsonaiak sortu zenituen, beraz, ipuina bera baino lehenago?
Bai. Maitagarri txikiak dira ipuineko protagonistak. Guztiak dira neskak, eta bakoitzak berarekin bizi den animalia txiki bat dauka, maskota moduan. Maddalen eta Esnetxo untxia, Burbu eta Borobiltxo arratoia, Izaro eta Lili txakurra eta Pati eta Elurtxo pinguinoa dira.
Zer kontatzen duzu?
Oso istorio sinplea da. Helburua ez da mezuren bat zabaltzea izan. Lehenengo liburu honetan, pertsonaiak aurkeztu ditut, batez ere. Maitagarri txikiek Sorgintxo eta haren animaliatxo Dordo barraskiloa ezagutuko dituzte, eta horrek ireki dit pertsonaietan pixka bat sakontzeko bidea. Seme-alabei irakurri dizkiedan haurrentzako ipuin asko oso konplexuak iruditu zaizkit, horietako batzuk baita bortitz samarrak ere. Faltan sumatu izan ditut nire haurtzaroko ipuinen istorio sinpleak.
Ipuineko testuak euskaraz eta ingelesez idatzi dituzu.
Idaztea ez zait inoiz askorik gustatu izan, baina ipuinerako idaztea nahikoa erraza suertatu zait. Ingelesari garrantzia eman nahi izan diot, haurrek hasieratik har dezaten modu naturalean hizkuntza hori. Ni gazte-gaztetatik nabil ingelesa ikasten, eta oraindik ez dut horren ongi menperatzen. Ez dut nahi gaur egungo haurrei hori bera gertatzerik.
Marrazkiak ere zuk zeuk egin dituzu.
Bai, horiek dira, gainera, ipuinaren muina. Akuarela margoekin eta pastelekin egin ditut marrazkiak. Eskaneatzeko orduan, ordea, konturatu nintzen kalitatea asko galtzen zutela. Azkenean, Photoshop-en bidez zenbait ukitu emanda konpondu nuen arazoa.
Liburua esku artean izan arteko bidea gogorra izan al da?
Orain, distantziarekin, gauza onak baino ez ditut gogoratzen, baina egia da ez dela dirudien bezain erraza izan. Argitaletxe askotako ateak jo ditut, baina bakar batek ere ez dit eskurik luzatu. Hasieran, batzuek esan zidaten marrazkien kalitatea ez zela behar adinakoa; gero, beste batzuek nire ipuina ez zela euren aurrekontuetan sartzen. Azkenean, ipuina nik neuk inprimatzea erabaki nuen.
Eta nola joan da?
Oraingoz, bostehun ale inprimatu ditut. Aitortu behar dut liburua esku artean izan arte urduri egon nintzela. Izan ere, ez didate probako alerik erakutsi; zuzenean bidali zuten inprimatzera, eta azken emaitza nolakoa izango zen jakin gabe egoteak egonezina sortu zidan.
Emaitza, hala ere, zure gustukoa izan da azkenean.
Bai, oso gustura nago nola gelditu den ikusita. Egia esan, hainbeste denboran buruan irudikatu nuen hori esku artean izatean, nolabaiteko asebetetzea sentitu nuen. Guztietan zailena banaketa lana izan da. Oraingoz, Arrasateko, Oñatiko, Legazpiko, Zumarragako, Ordiziako, Beasaingo eta Tolosako dendetan dago salgai, baita Elkarren ere. Hala ere, zuzeneko salmentan hobeto joan zait.
Lagunek-eta asko erosi dizkizute?
Bai, eta lantokian ere asko saldu ditut! Abenduan, San Tomas azokan izan ginen Donostian, eta ale asko saldu genituen. Ondoren, asmoa Durangoko Azokan saldu ahal izatea da.
Aurrera begira, zer-nolako asmoak dituzu?
Bigarren ipuina amaitzekotan naiz; Maitagarri txikiak: Sancho eta Iker izena eramango du. Hirugarren ale baterako ideiak ere pentsatuta dauzkat dagoeneko. Nesken bizitzan, bi mutil agertuko dira, eta maitasun kontuek ere izango dute tarterik. Hirugarrenean, nesken eta mutilen munduak bat egingo dute, nolabaiteko oreka bermatzeko.
»Salmentatik ateratako diru guztia Aspanogi elkartearentzat da
Maitagarri txikiak: Sorgintxo lagun berria ipuina 10 euroan dago salgai. Salmentatik ateratako dirua, Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkarteari, Aspanogiri emango dio Anduezak.
Orain hiru hilabete hil zen Anduezaren aita, minbiziak jota. Eta bost urte lehenago ere, osaba bat gaitz horrexek eraman zuen. Anduezak berak esan duenez, aita ospitalean egon zen denboran egin zuen ipuinaren zatirik handiena. Azaroan hil zen aita, eta ipuina abenduan argitaratu zuten. Arrazoi berezirik ez bazuen ere, gauza batek bestea ekarri zuela dio, eta oso garbi izan zuen dirua zertan erabili. Informazio gehiagorako, maitagarri-txikiak.es webgunea bisitatu.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.