Gari Garmendia, Ane Torres eta Amets Otaegi jaurtilari gazteak Espainiakora doaz
Txindoki-Jaso atletismo taldeak dituen harribitxietako hiruk kimu mailako Espainiako pista estaliko txapelketan parte hartuko dute asteburuan, Valentzian. Gari Garmendia idiazabaldarra mutiletan ariko da, eta Ane Torres eta Amets Otaegi emakumezkoetan. Lehen biak titulua eskuratzeko hautagai nagusiak dira, eta Otaegik podiumean lekuren bat egitea du helburu. Otsailean Donostian jokatu zen Euskadiko txapelketan urrea lortu zuten Garmendiak eta Torresek, eta Otaegik zilarra.
Espainiako kimu mailako pisu- jaurtiketako marka onenen jabe da Gari Garmendia. Orain hamabost egun jokatu ziren parte hartze libreko proba batzuetan, ordura arteko bere markak ondu zituen egindako hiru jaurtiketetan. Garmendiaren jaurtiketa onena 15:52 metrokoa zen ordura arte, eta honako markak egin zituen lau kiloko bolarekin: 15:65, 15:63 eta 15:56. Ane Torresek 10:96ko jaurtiketarekin irabazi zuen Euskadikoa, eta Otaegi 10:27ko jaurtiketarekin izan zen bigarren.
Bilakaera eta nagusitasun hori ikusita, ez da harritzekoa orain hilabete Manolo Martinez Espainiako hautatzailea Altamiran izatea Txindokiko jaurtilari gazteen jardunak ikusten.
Torres aita-alabak
Eta aurreko asteburuan albiste izan zena Alba Torres izan zen, Aneren ahizpa zaharra. Izan ere, jubenil mailako Espainiako pista estaliko txapelketan izan zen Antequeran, eta brontzezko domina lortu zuen. Bere errekor pertsonaletik zentimetro batera geratu zen Torres, 13:48ko jaurtiketa batekin. Alba Torresek ere bere markak ondu zituen Garmendiarekin batera parte hartu zuen parte hartze libreko probetan: 13:18 zuen ordura arteko marka, eta 13:49, 13:26 eta 13:21ko jaurtiketak egin zituen.
Eta asteburu berean, aurrekoan, pista estaliko Espainiako beteranoen txapelketa jokatu zen Zaragozan, eta Francisco Torres Aneren eta Albaren aitak urrezko domina lortu zuen gorako jauzian, 45 urtetik gorakoetan (1:62). Pentathlonean laugarren sailkatu zen –1.000 metrokoan galdu zuen podiumerako aukera–, eta luzera jauzian seigarren sailkatu zen, 5:15eko jauzi batekin. Txapelketa berean, Sergio Romanek brontzezko domina lortu zuen 3.000 metroko proban (35 urtetik gora), 9:07:42ko denbora eginez.
Asteburuan banakako eta selekzioen arteko Espainiako kros txapelketa izango da. Euskadikoarekin Txindokiko zazpi atleta joango dira: Jose Antonio Blanco Txuri, Eneko Agirrezabal, Maria Ibañez, Maider Unanue, Amaia Garmendia, Alexander Oiarbide eta Iñigo Jauregi.