Mandubiatik biribilean
Mandubiako gaina (532 metro) da ibilbide honen abiapuntua eta jomuga. Biribila osatzeko hainbat aukera izango ditu mendizaleak, bidea laburtuz edota luzatuz. Ezkio-Itsasoko itzulia Mandubiatik hasita 14 kilometrotik gorakoa da, baina hiruzpalau kilometro kenduko dizkiogu proposamen honetan garaierari eutsita.
Mandubiako bentan Oria eta Urola ibarren arteko pasabidean egongo gara. Antzinean merkatari, bidaiari eta erromes andanak zapaldutako gaina da. Donejakue bidearen ikurra egurretan zizelkatuta ikusiko dugu seinale batean. Mandubizar baserriaren atzealdean dagoen pista hartuta ekingo diogu ibilbideari. Pago zaharren ilara batek erakutsiko digu bidea. Mandubizelaiko trikuharrira doan seinaleak Erdi Aroko erromesen aurrekoentzat ere tokiak zeresana bazuela adieraziko digu. Seinalea ezkerrean utzita, altzifreek eta alertzeek tokia hartuko diete pagoei, eta ikur berrien aurrean, Ormaiztegira doan bidea utziko dugu Elorri aterpetxearen ondotik igarotzeko. Enborretan margotutako marka zuri-gorri-horiak jarraituko ditugu aurrerantzean Kizkitza, Ezkio, Itsaso eta Atxurtza norabideak aukeran ematen dizkigun seinalea aurkitu arte. Ibilbideko bidegurutzerik garrantzitsuena da, bertara itzuliko baikara amaieran. 150 metrora Kizkitzako ermitaren itsasargia dago. Baseliza ikusteko gure lehenengo aukera izango da, itzuleran bigarren aukera bat izango dugu nahi izanez gero.
Arrobiazpitik joko dugu Izazpi-Kizkitza mendilerroan. Norabide horretan goazela Aizkorriko mendikatea ikusiko dugu ezkerrean. Pago artean, Ariola izena gorriz idatzita duen etxolatxoarekin topo egingo dugu. Aurrerago Beotegiko tontorretik (729 metro) behera eginda Atxurtzako atsedenlekura iritsiko gara, iturria eta mahaitxoak daude bertan. Hemen utziko dugu mendilerroa eta Ezkiora egingo dugu, marka zuri-horiekin batera. Ur biltegia, hilerria eta Santa Marina ermitatik iraganda iritsiko gara Ezkiora.
Arrobiazpin bueltan
San Migel eliza eta Goienetxe baserriaren artean dagoen pista hartuko dugu marka zuri-horiak utzita. Mendi magaletik, altuerarik galdu gabe, Agerreazpikoa baserriaren aztarnak ikusiko ditugu. Kamiñoetxeberri baserriaren atzean, altuera galdu gabe aurrera egingo dugu, eta gorantz ateratzen den pista hartuta iritsiko gara San Lorentzo ermitara. Pinu artetik Ezkio bistaratuko dugu lehenengo planoan, eta Irimo mendia sakonean. San Lorentzo Ezkio-Itsasoko lehenengo parrokia izan zen; kanpotik kanpaia txikiak baino ez du adierazten baseliza bat dela.
Kizkitzara zuzenean joateko edo Itsasora egiteko aukerak ematen dizkigun bidegurutzea dago San Lorentzo bertan. Itsasora joko dugu marka zuri-horiekin elkartuz. Itsasogoena baserri ondotik igarota helduko gara Itsasora. Eliza eskuinean utzita, marka zuri-hori-berdeak hartuta gora egingo dugu. Pago eta pinu basoan barrena Arrobiazpin izango gara; ibilbide hasierako bidegurutzean. Bidegurutze horrek berak Mandubiara eramango gaitu bueltan.