Osinalde saria, bertsolari haztegia
Bihar Argi Berri saria jokatuko da Ordizian, Osinalde sarirako baliagarria. Hurrengo bi kanporaketak hilaren 16an eta 23an izango dira, Zaldibian eta Aztirian. Finala, berriz, apirilaren 6an jokatuko da. Zaldibiakoa aurten jokatuko da lehenengoz, Idiazabalgoaren ordez.
Aurtengoa Gabiriako Osinalde sariaren 42. ekitaldia da. Txapelketa hau bertsolari gazteentzat antolatzen den garrantzitsuenetakoa da. Urte hauetan guztietan izen handiko bertsolariek jantzi dute txapela Gabirian. Lehen edizioa Patxi Iraola zaldibiarrak irabazi zuen 1971n. Ordutik, Mikel Mendizabalek, Jon Sarasuak, Xabier Euzkitzek, Igor Elortzak, Maialen Lujanbiok eta Aitor Sarriegik irabazi dute, besteak beste. Iaz, Amaia Iturriotz urretxuarra nagusitu zen.
Garai batean zailtasun handiak izaten zituzten parte hartzaileak lortzeko, baina azken hamarkadetan bertsolaritzak gorakada nabarmena ezagutu du, eta egun ez dago halako arazorik. Hala, hiru kanporaketa antolatzen dira. Euskal Herriko lurralde guztietako bertsolariak gonbidatzen dituzte eta urtero goierritarren bati ere aukera ematen diote.
Antolaketan
Lau sariketetako ordezkariek osatutako talde bat arduratzen da antolaketaz eta, horien buru, Jokin Murua aritzen da. Gai-jartzaile lanak ere berak egiten ditu. Sekula ez du parte hartu bere herriko txapelketan: «Inoiz ez naiz bertsotan serio aritu eta sekula ez dut herritarren aurrean abestu nahi izan. Martxoan, bertsoa! eta halakoetan bakarrik parte hartzen dut». Urte asko daramatza antolatzaile taldean Muruak. «16 bat urterekin egin nuen lehenengoz gai-jartzaile lana, baina gaien aukeraketa taldean lehenago hasi nintzen», dio.
Igor Elortzak irabazi zuen urtea ez du sekula ahaztuko. «Nire idoloa bihurtu zen. Osinalde saria oso berezia da gabiriarrontzat eta, nire ustez, ekimen honi esker daude hainbeste bertsozale herrian. Osinalde umetatik bizi dugu eta 15-16 urterekin afariak zerbitzatzen hasten gara».