Arratsaldean hasiko dute hondakinen gaikako bilketa sistema zehazteko prozesua
Hondakinen gaikako bilketaren inguruko parte hartze prozesua hasiko dute gaur Legazpin. Maiatzera bitartean bilera ezberdinak deitu dituzte sektoreka eta auzoka, Legazpirentzako egokiena den bilketa sistema guztien artean erabakitzeko. Kepa Urtzelai Legazpiko alkateak bilera hauetan parte hartzera deitu ditu herritarrak.
Gaur 18:30ean egingo dute parte hartze prozesuko lehendabiziko bilera Latxartegi zineman. Gaur, bihar eta etzi errepikatuko diren bileretan, Sasieta Mankomunitateak proposatzen duen eredua aurkeztuko zaie herritarrei. Sistema «irekia» da Urtzelairen hitzetan, baina Europak exijitzen duen birziklatze mailetara iristeko modu bakarra, «gutxienez, errefusa eta organikoa atez ate biltzea» dela gogorarazi du. Hortik aurrerakoa herritarrekin eztabaidatuko dute: «Ontzi arinak era papera atez ate edo, orain arte bezala, kaleko edukiontzietan bilduko den», besteak beste.
Ontziak ez daude erosita
Horren harira, atez ateko bilketarako beharrezkoa den materialaren inguruan Sasietak Gipuzkoa Buletin Ofizialean ateratako plegua dela eta, Atez atekorik ez, birziklapena bai herri plataformak eta PSE-EE alderdiak azken egunetan egindako baieztapenak argitu nahi izan ditu Urtzelaik. Plegu tekniko hau publiko egiteko Sasietak «negoziazio prozesua amaitu arte» itxaron zuela esan du alkateak. Bestalde, plegua aterata dagoela baieztatu du, baina plataformak eta PSE-EEk esan dutenaren kontra «zenbat ontzi erosi behar diren oraindik erabaki gabe» dagoela zehaztu du. Hori «parte hartze prozesuko bilera guztiak behin amaituta» egingo delako.
PSE-EEk egindako adierazpenak «salatzekoak» direla esan du Urtzelaik, «kontsulta sinple batekin argitu zezaketelako datu hori». Alderdi sozialistak egin duen beste baieztapen bat ere ezeztatu nahi izan du alkateak, dioenez, «atez ateko sistema ez delako PSE-EEk esan bezala, bosgarren edukiontzia baino %40 garestiagoa». Datu batzuk eman zituen hori egiaztatzeko: «Mankomunitate osoan atez ateko sistema ezarriko balitz Legazpiri 635.000 euro kostako litzaioke. Bosgarren edukiontzia, aldiz, 684.000 euro izango litzateke».
Sektoreka eta auzoka
Hori argituta, alkateak bilera hauetan parte hartzearen garrantzia azpimarratu du, «plastikoa nahiz papera nola bildu erabakitzeaz gain, beste hainbat gairen inguruan ere eztabaidatuko delako». Herritarrei ez ezik, negoziazio mahaian parte hartu zuten guztiei egin die bertaratzeko deia, izan ere «prozesu hari jarraipena» eman nahi dio udal gobernuak.
Hasierako bilera hauek amaituta, martxoaren 18tik 22ra sektorekako bilerak egingo dituzte, eta apirilaren 8tik aurrera auzoetakoak hasiko dira. Bilera hauetan hartuko dituzte erabakiak.