Garazi Goia: mugarik gabeko idazlea
Garazi Goia idazlea ez da muga zalea. Seguran jaio zen, baina urte asko daramatza Londresen. Ingeniaritza ikasi zuen, baina letrak ere gustukoak ditu. BBC irrati eta telebista katearentzat lan egiten du eta idaztea gustuko du. Txartel bat (des)herrira liburua idatzi du.
Goiak Telekomunikazio Ingeniaritza ikasi zuen Bilbon eta, ondoren, Donostiako Ikusi enpresan lan egin zuen. Tesia aurkeztu aurretik, Ingalaterrara joatea erabaki zuen. «Denbora gutxirako joan nintzen, baina hiru urte gelditu nintzen: hiria asko gustatu zitzaidan. Telebista munduko enpresa txiki batean lan egin nuen, baina ez arlo teknikoan».
Izan ere, Ingeniaritza ikasi zuen arren, sekula ez du esparru teknikoan lan egin. «Negozio garapenean aritu naiz beti, eremu komertzial eta finantzarioan».
Londresetik bueltan, Bilbon bi urte eman zituen. Baina BBCn lan egiteko aukera suertatu zitzaion eta Ingalaterrara itzuli zen. Gauzak probatzea baino gehiago, gustuko gauzak egitea atsegin duela dio. «Oraingoz, asmatu dudala uste dut».
BBCn sei urte daramatza dagoeneko. «Estrategia eta distribuzio sailean lan egiten dut. Nire eginbeharretako bat etorkizuneko telebistaren estrategia zehaztea da. Gainontzeko telebista kateekin ditugun kontratu komertzialez ere arduratzen naiz».
Ardura handiko lana da eta, «oreka» lortzeko, idatzi egiten du. «Literatura zaletasuna betidanik izan dut. Beti asko irakurri dut eta oso gaztetan hasi nintzen idazten. Lehen liburua atera nuenetik bost urte pasatu dira dagoeneko. Nire karrera profesionalak asebetetzen nau, baina literaturak oreka ematen dit».
Atzerrian bizi da eta bere herriarekiko eta kulturarekiko erantzukizuna sentitzen du: literaturak Euskal Herriaren alde lan egiteko aukera ematen dio.
Deserrian bizi diren bi lagunei buruzkoa, hain zuzen ere, bere azken liburua. Protagonistek (Peruk eta Ibaik), berak ez bezala, ihes egin dute. «Deserrotzea, memoria historikoa, identitatearen gatazka, nostalgia, bakardadea… landu ditut».
Peruk 1938an ihes egin zuen Euskal Herritik, bere gurasoen erabakiz. «Gernikako bonbardaketaren ostean 4.000 haur ebakuatu zituzten Ingalaterrara. 250 han gelditu ziren, Euskal Herrian ez baitzuten jasoko zituen inor. Ahaztu egin zituzten. Peru ez da sekula Euskal Herrira itzuli eta inork erantzungo ez dituen hainbat galdera ditu».
Ibai, berriz, 30 urteko mutila da. Iraganeko gertakari batek ihes egitera bultzatu du eta Londresen Peru ezagutuko du. Biek erantzunik gabeko galderak dituzte eta horrek euren arteko konplizitatea piztuko du.
Ingeniaria izatea eta nobelak idaztea bateragarriak badira, baita herri txiki batean jaiotzea eta hiri handi batean bizitzea ere. «Londres hasieratik asko gustatu zitzaidan. Oso ondo hartu ninduten eta jende oso jatorra ezagutu dut». Ez du herriminik. «Egun distantziak garai batean baino txikiagoak dira. Askotan itzultzen naiz Segurara».
Eta maletan, oraingoan bezala, Ingalaterran idatzitako kontakizunak ekartzen ditu. Izan ere, Londresen jaio zen Txartel bat (des)herrira. «Hiru bat urte eman ditut liburua idazten eta hamar bat gerrako haur asko ezagutu ditut. Euren seme-alabek erakunde bat sortu zuten: helburua euren historia jasotzea da, Frankoren garaian ezkutatu egin baitzen».
Seguratik Londresera joandako gazte bati esker, Euskal Herritik Ingalaterrara bidalitako haurren historia apur bat ezagunagoa da jada. «Londres nire bizitzan oso garrantzitsua da eta nire herriko historiarekin lotzea oso betegarria izan da».