Josu Oiarzabal eta Nekane Zinkunegi sailkatu dira Osinalde sariketarako
Larunbat gauean jokatu zen bertsolari gazteen 42. Osinalde sariketako lehenengo kanporaketa, Ordiziako Argi-Berri elkartean. Epaileen puntuaketaren arabera, Josu Oiarzabal eta Nekane Zinkunegi izan dira datorren apirilaren 6an Gabiriako Osinalde Elkartean izango den finalerako txartela lortu dutenak. Entzuleen iritziak ere bat egin du epaimahaikoen erabakiarekin; XVI. Argi Berri saria, Josu Oiarzabalentzat izan da.
Sei bertsolari aritu ziren lanean; Aitor Salegi (Zestoa), Aitzol Iturbe (Antzuola), Paula Amilburu (Aramaio), Josu Oiarzabal (Azpeitia), Ainhoa Comas (Amurrio) eta Nekane Zinkunegi (Errezil). Igor Eguren gai-jartzailearen esanetara jardun zuten gazteek eta koplak kantatzeko berriz, Josu Albisu eta Amets Arteaga trikiti eta panderoa izan zituzten lagun.
Urtero bazalaxe, bertsolarien lana eskertze aldera, Garikoitz Telleriak, Argi Berri Elkarteko zuzendaritzaren izenean, “Irriz eta Malkoz” izeneko bertso bilduma bana eman zien sei gazteei. Entzuleek aukeratutako bertsolari gustukoenak berriz, Josu Oiarzabalek, “Txikia saria” jaso zuen Jexux Mari Irastortza, Argi Berri Elkarteko Lehendakariaren eskutik. Aurten 57 lagun izan dira Argi-Berri elkartean afaldu dutenak. Hala ere, bertso-saioa hasi aurretik jende ugari gerturatu da bertsolarien jardunaz gozatu asmoz, 70 lagun inguru izan dira orotara, adin guztietakoak.
Hurrengo kanporaketa, Zaldibian
Honenbestez, 42. Osinalde Sariketako lehen kanporaketa jokatu ondoren, datorren astean, martxoaren 16an jokatuko da bigarren kanporaketa Zaldibiako Joxepane Elkartean. Bertan parte hartuko duten sei bertsolarien artean beste bi lagun sailkatuko dira, Gabirian, apirilaren 6an jokatuko den 42. Osinalde Sariketako finalerako.
Gaiari lotuta:
- Argi Berri saria bihar da, Osinalde sarirako lehen saio puntuagarria