Ormaiztegiarrak XIX. mendean bezala jantziko dira
Ormaiztegiko Zumalakarregi museoan XIX. mendeko jantziak egiteko ikastaroa emango dute, aurtengo Elegante Egunerako. Bestalde, garai hartako jantzien erakusketa ireki dute.
Ekimen honen helburua Elegante Eguna indartzea da eta, horretarako, herritarrei XIX. ormaiztegiarrak bezala janztea proposatu diete. Izan ere, mende hartan bizi izan zen herriko seme ezagunena.
Egitasmo hau aurrera eramateko Anácronicas Recreación Histórica elkarteko kideen, Ormaiztegiko jostunen eta Udalaren laguntza izan dute.
Erakusketan elkarteko Nuria Cortes, Itziar Ormaetxea eta Belver Ramirezek utzitako jantzi eta osagarriak ikus daitezke eta manikiak Zumarraga eta Urretxuko Kuttun, MM, Crisys eta Laskurain dendek utzitakoak dira.
Erakusketa hilaren 22a bitartean izango da zabalik (asteazkenetik igandera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara) eta egun horretan bertan bukatuko da, hain zuzen ere, ikastaroan izena emateko epea.
Antolatzaileak oso gustura daude, dagoeneko hamar herritarrek eman baitute izena. Gainontzeko herritar guztiak ikastaroan parte hartzera animatu dituzte, «aurtengo azaroaren 23an Ormaiztegin ospatuko den Elegante Egunean herria XIX. mendez jantzi dadin eta garaiko moda pixka bat gehiago ezagutu dezagun».
Parte hartu nahi dutenek 15 euro ordaindu behar dute. Lehen eskola hilaren 23an izango da, museoan. Egun horretan oihalak aukeratuko dira eta patroiak banatu.
Aholkularitza lana Anacrónicos Recreación Histórica taldeak egingo du. Ormaiztegiko jostun taldeak, berriz, parte hartzaileek laguntza eskainiko die. Udalak ere lagunduko du, aretoak eta josteko makina bat utziz.