Herri txikiko artista handia
Ez dago Parisera joan beharrik artista handiak ezagutzeko. Ezta Bilboko Guggenheim museora arteaz gozatzeko. Joxemari Telleria herri txiki batean jaio zen, Seguran, eta bere lanak Europa osoko museo garrantzitsuetan erakustea lortu du. Orain lumaz egindako marrazkien erakusketa ireki du Ardixarra etxean. Bertan, Zeraingo eta Segurako txokoak ikus daitezke.
Umetatik gustatzen zaio marraztea. «Beti margoekin edo margoen eske ibiltzen nintzen. Gaur egun edozeinek ditu, baina garai hartan ez zen batere erraza margoak lortzea. Ez dut sekula ahaztuko lehen margoak oparitu zizkidaten eguna. Papera eskuratzea ere benetan zaila zen. Bizilagun batek Zegamako papertegian lan egiten zuen eta hark ekartzen zidan».
Zailtasunak zailtasun, Telleriak margotzen jarraitu zuen eta, gainera, bere afizioa ofizio bilakatzea lortu zuen. CAF enpresan delineatzaile lanean aritu zen, ondoren marrazketa eta musika irakaslea izan zen Beasaingo Lizeoan eta, azkenik, zaletasuna ogibide egitea erabaki zuen. Baita lortu ere. Margogintza izan zen bere lanbidea, erretiroa hartu zuen arte.
Euskal Herria osoan ez ezik, Alemanian, Frantzian, Espainian eta Katalunian erakutsi ditu bere lanak. Gasteizko Artium museoak margolan batzuk erosi zizkion. Sariak ere irabazi ditu: Ordizian, Beasainen, Bilbon antolatu zen Euskal Herriko pintura txapelketan… Horrez gain, Seguran bertan hainbat mural margotu ditu.
Sekula ez da erraza izan artetik bizitzea. «Orain zaila da, baina orduan ere ez zen erraza. Apustua egitea erabaki nuen eta gustura nago. CAFen-eta baino gutxiago irabazi dut, baina aurrera egitea lortu dut».
Horretarako, orduak eta orduak eman ditu margotzen. Egun, lasaiago dabil. Enkarguz lan asko egin ditu, baina bere kabuz egindakoak nahiago ditu. Bat aukeratzekotan, Segurako udaletxean ikus daitekeena aukeratu du: bere jaioterriko alboradari buruzkoa.
Olioa da gehien erabili duen teknika eta azken urteotan musika eta pintura uztartzen saiatu da. «Euren arteko erlazioa aztertu dut. Aristotelesek berak pinturak eta musikak erlazioa zutela zihoen: koloreen armonia eta musikaren armoniak harremana zutela. Newton eta Scriabin konpositorea iritzi berekoak ziren. Musikan hamabi semitono daude eta oinarrizko koloreak ere hamabi dira. Nota bakoitzari kolore bat emanez margotu daiteke. Teoriari forma ematea da zailena», azaldu du Segurako artistak.
Marrazketa ere lantzen du. Marrazkiak ipini ditu ikusgai, hain zuzen ere, Ardixarra etxean. Iparra-Hegoa ekimenaren antolatzaileek erakusketa egitea proposatu zioten eta baiezkoa eman zuen. «Azken urtebetea marrazten eman dut eta marrazki horiek jarri ditut».
Marrazki ia guztietan Zeraingo txokoak ikus daitezke: etxeak, jauregiak, udaletxea, eliza, plaza… Izan ere, Zerainen bizi da. Hamahiru lan jarri ditu ikusgai eta bitan bakarrik ageri da Segura. Lan guztiak figuratiboak dira. «Bere garaian abstraktoa landu nuen, baina figuratibora itzuli naiz. Serie bat bukatu nuen eta hustuta gelditu nintzen. Hurrengoa hasi bitartean, marrazten ari naiz», aipatu du.
Telleriaren lanak igandea bitartean egongo dira ikusgai Ardixarra etxean. Erakusketa ostegunetik igandera irekiko da, 11.30etik 13.30era eta 15.30etik 17.30era. Ez dago, beraz, Bilboko Guggenheimera, Madrilgo Pradora edo Pariseko Louvrera joan beharrik Aste Santu honetan arteaz gozatzeko.