Urretxuko udal gobernuak 2013ko aurrekontu proposamena aurkeztu die herritarrei. Obra edo azpiegitura handietan baino, «pertsonetan inbertitu» nahi du udalak Oihane Zabaleta alkateak esan duenez, eta hain zuzen zentzu horretan egituratu dute 2013rako aurrekontu proposamena. Esan dutenez, 8.122.284,49 euro izango ditu udalak aurtengo gastuei eta beharrei aurre egiteko. Behin herritarrei aurkeztuta, hurrengo osoko bilkuran behin betiko onarpena ematea gelditzen da orain.
Gaur arratsaldean, 18:00etan, Ordiziako Ahotsak proiektuaren aurkezpen ekitaldia egingo da D’elikatuzen. Lehenik eta behin, proiektuan parte hartu duten euskal hiztunei eskerrak emango dizkiete. Proiektuaren aurkezpen bideoa emango dute gero, eta bukaeran DVDa banatuko dute.
Hilabeteetako eztabaidaren eta sistemaren doikuntzaren ondoren, Goierriko hiru herrik atez ateko hondakin bilketa dute ostegunaz geroztik. Itsasondo, Legorreta eta Zaldibia izan dira eskualdeko lehenbiziko herriak eredu berria jartzen. Egun bakoitzean hondakin mota jakin bat bilduko du Sasietak, herritarrek ontzitxoetan kalera aterata.
Ignaziotar Lurraldeak izeneko proiektuaren barruan Antioko baseliza (Zumarraga), Loiolako santutegia (Azpeitia) eta Arantzazuko basilika (Oñati) bateratu zituzten barrualdeko turismoa sustatu asmoz. Orain, urrats bat gehiago eman, eta Goierri garaiko, Urola Erdiko eta Debagoienako turismo eragileek hamazazpi turismo baliabideren zerrenda osatu dute. Gune horietara bisita gidatuak egiteko aukerarik ez da egon orain artean. Ezkutuko Altxorrak proiektua dela medio, Aste Santuko oporretan eta udaberri osoan gune horietan bisita gidatuak eskainiko dituzte.
Asteburuan udaberriko lore eta landare azoka egin da Seguran. Larunbat eguerdian Azpilla taldekoek plazan dantzatu zuten eta arratsaldean ibilaldi gidatua egin zen. Igandean, berriz, saltzaileek herriko kaleak hartu zituzten. Loreez eta landareez gain, artisau lanak eta jakiak jarri ziren salgai. Gainera, musika emanaldiak eta haurrentzako tailerrak egon ziren. Eguraldi ona lagun, jende asko hurbildu zen Segurara.