Itsasondon, Legorretan eta Zaldibian etzi beteko da astea atez atekoarekin
Hilabeteetako eztabaidaren eta sistemaren doikuntzaren ondoren, Goierriko hiru herrik atez ateko hondakin bilketa dute ostegunaz geroztik. Itsasondo, Legorreta eta Zaldibia izan dira eskualdeko lehenbiziko herriak eredu berria jartzen. Egun bakoitzean hondakin mota jakin bat bilduko du Sasietak, herritarrek ontzitxoetan kalera aterata.
Hilabeteetako eztabaidaren eta sistemaren doikuntzaren ondoren, Goierriko hiru herrik atez ateko hondakin bilketa dute ostegunaz geroztik. Itsasondo, Legorreta eta Zaldibia izan dira eskualdeko lehenbiziko herriak eredu berria jartzen. Egun bakoitzean hondakin mota jakin bat bilduko du Sasietak, herritarrek ontzitxoetan kalera aterata.
Gai organikoa biltzeko eguna izan zen osteguna, estreinakoa. Baita astelehena eta larunbata ere. Ontzi arinak astearte eta ostiraletan bilduko dituzte, papera eta kartoia asteazkenetan, eta gerakina, errefusa, igandeetan. Pixoihalak eta konpresak egunero atera litezke, poltsa itxian, gainerakoaren gainean. Hiru herrietan egutegia bera da.
Astea etzi beteko da, atez atekoa hasi zenetik. Hiru herrietako erabiltzaileek «normaltasuna» hitza erabili dute, lehen egunetako esperientzia azaltzeko. Legorretan, adibidez, zenbait herritarren aurkako jarrera nabaritu da. Zabor poltsa arruntak lehenagoko bilketa puntuetan utzi dituzte zenbaitzuek; lurrean, dagoeneko lurpeko edukiontziak itxita eta beste kontainerrak erretiratuta daudelako.
Sasietako arduradunek eta Gipuzkoako Foru Aldundiko buruek Zaldibian irudikatu zuten, ostegunean, Goierrin atez atekoaren hasiera. Gaur egun bailaran %39 biriziklatzen dela azaldu zuten, eta atez atekoarekin «%80 baino gehiago» bereiztea posible dela aurreratu du Sasietako lehendakari Azeari Andonegik.
Ingurumeneko foru diputatu Iñaki Errazkinek gaineratu zuen Goierri «aitzindari» izango dela Gipuzkoan hondakinen birziklapen maila altuak lortzen. «Hemengo herritarrak eta erakundeak harro egon daitezke, Europa mailako birziklapen maila altuenetara gerturatuko direlako, baita horiek gainditu ere».
Atez atekoa ekonomikoki jasangarria dela ziurtatu du Andonegik, lanpostuak sortuko dituena. Ildo beretik jo zuen Errazkinek: «Kostu berdinean, ingurumenarekin lotutako lanpostu berde gehiago sortzen ari dira, ingurumenarekin errespetuzkoak».
Festa Legorretan
Goierri Zero Zabor taldeak eskualde mailako festa egin zuen, herenegun, Legorretako plazan. Lehen hiru herrietan atez atekoa egikaritu dela ospatu zuten ehunka goierritarrek. Lehen egunetan jendearen erantzuna «oso positiboa» izan dela esan du taldeak.
Legorreta Zero Zaborreko kide batek gaurko egoera 1983ko uholdeenarekin alderatu zuen. «Urak egindako txikizioa bi egunetan garbitzeko gai izan ziren legorretarrak garai hartan, auzolanean. Gaur egun ere elkarlanean aritzeko unea da».
Ondoren, Gipuzkoa Zero Zaborreko Joxe Mari Irazustak nabarmendu zuen Gipuzkoa «zero zabor lurraldea» osatzen ari dela. «Tren» horren ibilia «geldiezina» izango dela gaineratu zuen.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.