
Segurarrek Euskal Herriko Aste Santu ospetsuenetakoa ospatuko dute bihartik aurrera. Igandea bitartean egunero elizkizunak izango dira eta, gainera, bihar eta etzi prozesioak egingo dira.
Biharko egitarauari dagokionez, 17:00etan azken afariko meza egingo da parrokian eta 18:15ean prozesioa irtengo da. Etzi gurutze bidea egingo da Santa Engrazitik sorkundetarren komenturaino. Arratsaldean, 16:30ean, jaunaren nekaldiaren ospakizuna egingo da parrokian. 18:15ean Ostiral Santuko prozesioa hasiko da.
Larunbatean eta igandean mezak emango dira sorkundetarren komentuan: larunbatekoa 21:30ean hasiko da eta igandekoa 11:00etan.
Segurako Aste Santua Goierriko garrantzitsuena da eta XVII. mende hasierako dokumentuetan aipatzen da lehenengoz. Irudiak balio handikoak dira eta jantziak, berriz, 80ko hamarkadan egin zituzten herriko mojek Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzarekin.
300 lagun baino gehiagok parte hartzen dute urtero antolaketa lanetan eta prozesioetan: herritarren herenak. Kanpotik etortzen direnak ere ez dira gutxi izaten eta batek baino gehiagok prozesioetan parte hartzea eskatu du, gainera.