Igartubeiti, orain entzungai
Igartubeiti baserria bisitatzea beti izan da plazerra, baina aurrerantzean bisita askoz ere gozagarriagoa izango da; aurkeztu berri den egitasmo bati esker. Orain arte baserriaren edertasunaz, egurraren ukimen goxoaz edo sagarraren usainaz goza zitekeen. Atzotik, Igartubeiti entzumenerako ere bada atsegina. Izan ere, bisitariek Maialen Lujanbio bertsolariak eta Arantxa Iturbe idazleak baserriari buruz idatzitako ipuinak entzun ditzakete.
Proiektuak ‘Areago, soinuetan murgilduz ibili’ du izena eta geolokalizazio bidez funtzionatzen du. Bisitariei telefono mugikor bat hartzea eta aurikularrak janztea proposatzen zaie. Ondoren, Iturberen edo Lujanbioren ipuina aukeratu eta interpretazio zentrotik irtengo dira baserriaz eta bere inguruaz gozatzera. Horretan ari direla kaskoetatik istorioa entzuten hasten badira, gelditu egin beharko dira zati hori osorik entzun ahal izateko.
Lujanbioren bertsoak zazpi tokitan entzun daitezke eta Iturberen ipuina lautan. Hernaniko bertsolariak baserriko jabearen, bere emaztearen eta atzerriko bisitari baten arteko solasaldiak jaso ditu. Alegiko idazleak, berriz, lau pertsonaiei buruz idatzi du: armadatik ihesi doana, senarretik ihesi doan emakumea, mundu modernotik ihesi doana eta etxetik ihes egin ezin duena.
Bertsoak Patxi Etxeberria, Kristina Mardaras, Juxto Alberdi, Eñaut Agirre eta Mikel Mendizabal bertsolariek abestu dituzte. Iturberen ipuinei dagokienez, Nekane Peñagarikanok, Xabier Erkiziak, Zuhaitz Akizuk eta Iturbek berak jarri dute ahotsa.
Egitasmoaren alderdi teknikoaz Audiolab enpresa arduratu da. Teknikariek, ahotsez gain, soinuak ere grabatu dituzte. Hala, bertsoekin eta narrazioekin batera, baserrian bertan, Ezkioko jaietan eta amabirjina agertu zen tokian grabatutako soinuak entzun daitezke.
Lujanbioren bertsoak eta Iturberen solasaldiak euskaraz dira, baina etorkizunean beste hizkuntza batzuetan idatzitako kontakizunak grabatzeko asmoa dute. Aurreko mendeetan Euskal Herrira etorri ziren ikerlariak izango dira protagonistak.
Egitasmoa atzo aurkeztu zuten Garazi Lopez Etxezarreta Foru Aldundiko Kultura zuzendariak, Kizkitza Ugarteburu Igartubeitiko arduradunak eta Xavier Balderas Audiolab enpresako teknikariak.
Lopez Etxezarretak proiektua txalotu zuen, museoen zereginetako bat «egitasmo berritzaileak garatzea» baita. Gainera, Igartubeitin ondare materiala eta bertsolaritza uztartu dituzte eta hori ere eskertzekoa dela esan zuen. Lan honek baserria eta teknologia berriak batzen dituela ere gogoratu zuen.
Ugarteburuk Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserrian lan egiten dutenen helburuetako bat ondarea publikoari era ulergarrian azaltzea dela aipatu zuen. «Horretarako, esperimentatu beharra dago. Oraingoan ez ohiko audiogida prestatu dugu: ohiko edukiak eskaini beharrean, narrazioak eskaintzen ditu. Etorkizunean, ondarea ulertzeko modu gehiago bilatuko ditugu», aurreratu zuen.
Igartubeiti baserri-museoko arduradunak egitasmo honek Eusko Jaurlaritzaren Sormen Lantegia programaren diru-laguntza jaso duela ere aipatu zuen. Izan ere, Areago, soinuetan murgilduz ibili proiektua erabat berritzailea da. Baita alderdi teknologikotik ere.
Audiolab enpresako Balderasek bi aplikazio sortu dituztela esan zuen. Horiei esker, bisitariek istorioak entzun ditzakete baserrian eta bere inguruan. Bi aplikazioak mundu guztiaren esku jarriko dituzte.
Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserri zaharra eta teknologia berriak uztartzen dituen egitasmo hau ezagutu nahi duenek, egunotan aukera paregabea du. Izan ere, interpretazio zentroko eta baserriko ateak egunero irekiko dira astelehena bitartean: 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.