Atez ateko ontziak puskatu eta kalean hustu dituzte Legorretan
Legorretan etxeetako hondakinak atez ate jasotzeko erabiltzen diren ontzi batzuk puskatu eta kalean barrena hustu dituzte, azken egunetan. Udalak salatu duenez, zenbait gautan «erasoak» egin dituzte, herritarrek kalera ateratako zakarrontzien aurka. Kuboak puskatu, lekuz aldatu, kalean hustu, eta baratzeetara nahiz Oria ibaira bota dituzte.
«Horrelako ekintzekin sistema berriarekin bat eginez ondo birziklatzen ari diren herritarrak besterik ez dituzte kaltetzen», ohartarazi du udalak, agiri batean. «Atez atekoarekin bat ez etorri eta horrelako ekintzak burutzen» dituztenak deitoratu ditu, eta «jarrera oker hauek inolaz ere ez» dituela onartuko jakinarazi du.