![pilota_eskola](http://goierri.hitza.eus/site/files/2013/04/pilota_eskola.gif)
Legazpiko pilota eskolarentzat izango da aurtengo Olaria saria. Epaimahaiak dagoeneko eman du jakitera bere erabakia; orain itxarotea tokatzen da, pilota eskolak maiatzaren 3an, Santikutz jaien testuinguruan jasoko baitu oroigarria.
Pasa den martxoaren 27an egin zen osoko bilkuran eman zuen jakitera albistea Kepa Urtzelai Legazpiko alkateak. Urtero bezala hautagaien zerrenda anitza eta askotarikoa izan da aurten ere. Pilota eskolarekin batera, Legazpiko musika banda; Amor Martinez, Iratzarri etxekoandreen elkarteko koordinatzailea eta erraldoiak izan dira hautagaien zerrendan.
Udal laiko baten alde
Santikutz jaietan eragina izango duen beste erabaki bat ere hartu zuen udalbatzak martxoko osoko bilkuran, Bilduk aurkeztutako udal laikoaren aldeko mozioa onartu eta gero. Bilduren aldeko botoekin onartu zuten aipatutako mozioa, EAJk kontra bozkatu zuen eta Hamaikabatek eta PSE-EEk ez zuten bozkatu «ez dela mozio bidez lantzeko gaia» argudiatuta.
Hala, mozio honen bitartez, administrazioaren arlo guztietan laikotasun printzipioa errespetatzeko konpromisoa hartu du udalak. Ondorioz, izaera zibileko ekitaldiak sustatuko ditu udalak, eta horietan soilik parte hartuko duela jakinarazi du. Besteak beste, ezkontza eta hileta zibilak egitea bermatuko du udalak.
Gainontzeko alderdiek ez zuten begi onez ikusi mozioak biltzen zuena. Bereziki kritikoa izan zen EAJ alderdia. Udal gobernuarekin bat etorri zen «eliza eta udala bereizi» egin behar direla esaterakoan, baina mozioa «kontraesanez josia» dagoela eta «irrigarria» dela gaineratu zuen.