Etapa Martinentzat, Itzulia Quintanarentzat
Nairo Alexander Quintana (Movistar) txirrindulari kolonbiarrak irabazi du Euskal Herriko 53. Txirrindulari Itzulia. Ezustekoa eman du Quintanak, kiniela gehienek Richie Porte (Sky) jotzen zutela sari nagusia irabazteko faborito, baina Movistarrekoak egundoko erlojupekoa egin du, eta sailkapen nagusian onena bera izan da. Bigarren Porte sailkatu da 23 segundura, eta gaur arteko liderra, Sergio Luis Henao (Sky), sailkatu da hirugarren 34 segundura.Simon Spilak (Katuxa) izan da laugarrena 35 segundura, eta uste baino erlojupeko apalagoa egin duen Alberto Contadorrek (Saxo Tinkoff) bukatu du bosgarren sailkapen nagusian, 54 segundura.
Gaurko erlojupekoa, berriz, Tony Martin (Omega-Quickstep) alemaniarrak irabazi du, erlojuaren aurkako munduko txapelduna zergatik den erakutsiz. 24 kilometroko ibilbidea 35:05ean osatu du. Etapan bigarren Quintana izan da 17ra, eta hirugarren Beñat Intxausti (Movistar) 32ra. Bizkaitarra izan da sailkapen nagusian lehen euskalduna; 8. postuan bukatu du, Quintanarengandik 1:57ra.
Beasaingo Nafarroako Etorbidea eta Barrendain plaza jendez gainezka dagoela amaitu da Euskal Herriko 53. Txirrindulari Itzulia. Euriak ez du etenik eman arratsalde osoan, eta txirrindulariek euripean osatu behar izan dute proba.
Aurtengo Itzulia Beasainen bukatu da, eta datorren urtekoa ondoko herrian hasiko da, Ordizian.
Hona hemen 53. Itzuliko sailkapenak.
6. Etapa
1. Tony Martin (Omega). 35:05
2. Nairo Quintana (Movistar). 17ra
3. Beñat Intxusti (Movistar). 32ra
Sailkapen nagusia
1. Nairo Quintana (Movistar). 21:39:35
2. Richie Porte (Sky). 23ra
3. Sergio Luis Henao (Sky). 34ra
Erregulartasuna
1. Nairo Quintana (Movistar). 83
2. Richie Porte (Sky). 80
3. Sergio Luis Henao (Sky). 67
Mendiko sailkapena
1. Amets Txurruka (Caja Rural)
Tarteko helmugak
1. Amets Txurruka (Caja Rural)
Taldekako sailkapena
1. Movistar