Gaur erlojupekoa, Richie Porte irabazteko hautagai nagusi dela
Euskal Herriko 53. Txirrindulari Itzulia gaur arratsaldean bukatuko da, Beasainen hasi eta amaituko den 24 kilometroko erlojupeko batekin. Printzipioz 73 txirrindularik hartuko dute parte (horiek dira Beasaingo helmugara iritsi zirenak, 75 erretiratu egin baitziren atzoko egunean), baina dagoen giroa ikusita, litekeena da txirrindulariren bat edo bestek parte ez hartzea erabakitzea.
Michael Albasini (Orica Greenedge) azken sailkatua izango da abiatzen lehena, 15:10ean, eta Sergio Luis Henao (Sky) liderra azkena, 16:36ean. Azken hamabost txirrindulariak bi minutuko aldearekin abiatuko dira, eta gainontzekoak minutu batekoarekin. Ordu erdi baten bueltan osatuko dute gaurko etapa lehen sailkatuek. Bai gaurko erlojupekoa eta baita Itzulia irabazteko ere hautagai nagusi bat bat dago, Richie Porte (Sky) australiarra, atzoko etaparen irabazlea.
Tasmaniakoaren aurkari nagusia, printzipioz, Alberto Contador (Team Saxo-Tinkoff) espainiarra da. Lau segunduko aldea dago bien artean, eta biak dira espezialistak erlojuaren aurkako probetan, baina atzo ikusi zenaren arabera, Porte indartsuagoa dago, eta erlojupeko bikainak egitetik dator. Eta sailkapen nagusiko lehen bi sailkatuak ere kontuan hartzeko txirrindulariak dira, sasoiko daudela erakutsi baitute: Sergio Luis Henao liderra eta Nairo Quintana (Movistar), biak kolonbiarrak. Henaok sei segunduko aldea ateratzen dio Quintanari. Samuel Sanchez Euskaltel-Euskadiko taldeburua, berriz, (atzo bigarren sailkatu zen) zortzigarren doa sailkapenean (liderrarengatik 47 segundura), eta saiatuko da gaur lan txukuna egiten.
Gorka eta Ion Izagirre anaiak ere saiatu ziren atzo aurrean egoten, baina errepideak bakoitza bere lekuan jarri zuen. Anaietan gazteena, Ion, eguneko ihesaldian sartu zen, eta Gorka Sanchezentzat lanean aritu zen azken kilometroetan. Gorka Izagirre 15:33an abiatuko da gaur, eta Ion Izagirre bi minutu beranduago, 15:35an.