
Duela urte batzuk Beasaingo Udalak mugikortasun diagnostiko bat egin zuen eta hartatik ateratako ondorioekin 2004ean herriko zirkulazioa lasaitzeko proposamenak egiten hasi ziren. Proposamen horien artean, Beasain erdialdean TAO sistema ezartzeko proposamena zegoen, bertan sortzen ziren aparkaleku arazoak konpontzeko asmoz. Izan ere, Beasainen une hartan zegoen ibilgailu kopurua baino 500 aparkaleku gehiago zeudela ikusi zen eta, beraz, aparkalekuak kanpotik zetozenek betetzen zituztela ondorioztatu zen. TAO sistemaren helburua «ez dela dirua ateratzea» diote Udalekok. TAOak «prezio merkeak» izango dituela diote, eta lortzen den diruarekin TAO zaintzailearen lanpostu berriaren soldata eta TAOa ezartzeko lanetan gastatutakoa ordaintzea bakarrik lortu nahi da (makineria eta abar), bestelako asmorik gabe. TAOa ezartzen urte honen amaieran hasi nahi dute eta datorren urte hasierarako normaltasunez finkatzeko asmoa dago.
Hiru TAO mota ezberdin jartzea aurreikusten da: errotazio altukoa (Erauskin plazan, irudian marroiez), TAO biguna (Gipuzkoa plazan eta inguruko kalean, irudian berdez), eta gehienez lau ordutan aparkatzeko aukera dagoen TAOa (Oriamendi 30era arte, Esteban Lasa eta Gernika pasealekuan, irudian urdinez).
Errotazio altuko TAO guneetan, gehienez 30 minutuz eduki ahal izango da autoa aparkatuta; TAO biguna dagoen lekuetan, egun erdiz aparkatu ahal izango da; eta gehienez lau orduz aparka daitekeen guneetan orduz.ordu joango da igotzen kostua. TAOa egongo den eremuaren barruan bizi diren herritarrek, errotazio altuko gunean izan ezin, gainerako aparkaleku guztietan aparkatu ahal izango dute euren ibilgailua, urtean kuota txiki bat ordainduaz, egoiliarrentzako txartela jasoko baitute.
Bihar arratsaldeko 19:00etan Beasaingo Udalak bilera bat egingo du Igartza jauregian TAOaren inguruan. Herritar guztiak gonbidatu dituzte gai honen inguruko Udalaren proposamena ezagutu eta herritarren ekarpenak jasotzeko