Olaberriko Harizti industrialdean led motako argiteria jarriko du udalak
Olaberriko Udalak Ihurreko Harizti industrialdean egingo du argiteria planaren barruko hurrengo aldaketa. Saltoki handiak dauden eremuan oraingo kale-argiak kendu eta led motako lanparak jarriko dituzte, egokiago diren kristalezko babesekin batera.Baldintza plegua osatuta, martxoaren bukaeran egin zuen udalak eskaintzak jasotzeko deialdia.
Denera 39.798,98 euroko aurrekontua du, BEZa barne, argikuntzaren hobekuntzak. Aurtengo udal aurrekontuan horretarako izendatutako 14.000 euro, eta iazko gerakin bat erabiliko ditu udalak finantzatzeko. Iazko proiektu bat ez zen burutu, eta harentzat zegoen diru-saila baliatuko dute.
Harizti industrialdean, N-1 errepidearen alde batean gauzatuko dute inbertsioa, Barrutizelaiak deritzon esparruan. Orain 20 urte urbanizatu zen.
Orduan ohiko ziren 150 watteko sodio baporezko presio altuko bonbillak daude, gaur egun oraindik, kale-argikuntzan. Led diodoen luminariak ipiniko dituzte haien ordez, kontsumo baxuagoa dutenak.
Energia eta farola gutxiago
N-1en paralelo dagoen bidean 20 farola kokatuko dituzte, bakoitza 30 ledekin, 72 watteko argikuntza-potentzia emango dutenak. Industrialdearen gainerako zatian, 54 farolatan 20na ledeko luminariek argituko dute (50 watteko potentzia bakoitzak).
Argiak aldatu ez ezik, farolak gutxituko ditu udalak, kopuruz. Orain arte egon diren 85en ordez 74 utziko dituzte, 11 kenduta.
Olaberriko Udalak 2009an eskatu zion herriko argiteria aztertzeko proiektua Ecoalumbrado enpresari. Jasangarritasunean irabazteko, udalbatzak potentzia txikiagoko bonbillak jartza eta farolen kristal eraginkorragoa kokatzen hastea erabaki zuen.

Olaberriko Ihurre bailara, gauez argituta./Arkaitz Apalategi












