Zumalakarregik lehiaketa antolatu du San Telmorekin eta Bodegon Alejandrorekin
Ormaiztegiko Zumalakarregi museoak eta Donostiako San Telmo museoak eta Bodegon Alejandro jatetxeak Ikertu eta irabazi! lehiaketa antolatu dute. Parte hartzaileek Goierriko museoan eta aipatutako jatetxean dagoen Donostiako mural batean ageri diren zenbakiak zein tokiei dagozkien asmatu behar dute.
Ekimen honen antolaketan K6 kultur kudeaketa enpresak, donostiakultura.com-ek eta Donostiako Udalak ere parte hartu dute. Aranzadi Zientzia Elkarteak babes zientifikoa eskaini du eta Cristina Enea fundazioak, berriz, laguntza.
Egitasmo honen oinarrian Ormaiztegiko Zumalakarregi museoaren XIX. mende hasierako mural bat dago. Donostiako panoramika bat da eta bertan 39 zenbaki ageri dira.
XIX. mendean militar ingelesen presentzia nabarmena izan zen eta horietako batek aipatutako murala margotu zuen. Londresen zegoen eta Zumalakarregik bertan duen kontaktu batek bere berri eman zien Ormaiztegiko museoko arduradunei. Aldundiak artelana erosi eta Ormaiztegira eraman zuen.
Donostiako Urgull mendiko Mota Gazteluan kopia bat dago. Gainera, iaz Bodegon Alejandro jatetxea berritu zuten eta apaingarri gisa Donostiako irudi historikoak jarri zituzten. Aipatutako panoramaren erreprodukzioak dira nagusi.
Hau guztia ikusita, bertan agertzen diren lekuak identifikatzeko lehiaketa antolatzea erabaki da. Kontuan izan behar da, gainera, aurten betetzen dela Donostiaren suntsitzearen eta ondorengo berreraikitzearen bigarren mendeurrena. Hala, ekimen honek Udalaren Donostia 1813-2013 batzordearen laguntza du. Helburua ondarea gizarteratzea da.
Lehiaketa gaur bertan jarriko da martxan. Parte hartu nahi dutenek Zumalakarregi museoan, Bodegon Alejandron eta Urgull mendiko Historiaren Etxean eskuragarri dauden kartilak bete behar dituzte. Museoaren webgunean ere parte har daiteke (zumalakarregimuseoa.net) Abuztuaren 31n bukatuko da kartilak entregatzeko epea.
Bi sari banatuko dira. Lehenengo saria panoramako toki gehien zuzen identifikatzen dituen pertsonarentzat izango da. Panoramaren erreprodukzioa (berak nahi duen neurrikoa), San Telmo museoko bazkide txartela (urte baterako) eta Bodegon Alejandron bi pertsonentzako dastatze menua eskuratuko ditu. Gainontzeko parte hartzaile guztien artean bi pertsonentzako dastatze menua zozketatuko da.
Horretaz guztiaz gain, panoramikarekin lotutako ekitaldiak antolatu behar dira: ibilbide gidatuak, tailerrak eta hitzaldia, besteak beste. Hauen helburua lehiaketari oihartzuna ematea da.
Lourdes Azpiazu Zumalakarregiko arduradunak murala 1994an Christie’s enkante etxe ospetsuan azaldu zela eta Aldundiak 1995ean erosi zuela aipatu du. Ordutik dago Ormaiztegin. «Thomas Staunton militar ingelesak margotu zuen, akuarelaz. Garai hartan militar ingelesei margotzen irakasten zitzaien eta lan oso onak egiten zituzten».
Artelan hau ez da Londresetik ekarri duten bakarra. «Hango liburu-saltzaile bat gure laguna da eta zer edo zer interesgarria aurkitzen duen bakoitzean deitu egiten digu. Berari esker beste pieza berezi batzuk ere eskuratu ditugu». Adibidez, 1840ko liburu bat. Bertan, tropa frantsesek penintsula nola zeharkatu zuten eta toki bakoitzean zer egin zuten kontatzen da. «Liburu oso handia da (85×67 zentimetrokoa) eta anagliptografia erabilita egindako mapak ere baditu. Teknika honi esker erliebea lortzen da».