Goierri kirol elkartearen tropeleko neska
Duela bi urte Goierri kirol elkartearen txirrindularitza eskolaren ardura hartu zuten gurasoek haurren artean bizikleta zaletasuna suspertzea lortu dute. Dagoeneko 32 txirrindulari dituzte. Aurten, gainera, neska bat dute taldean: Mikele Tolosa legazpiarra.
Tolosak 13 urte ditu eta bere amak animatuta hasi da. «Hau da errepideko nire lehen bizikleta. Amari bizikletan ibiltzea asko gustatzen zaio eta anaia eta biok animatu gaitu. Ama oso pozik dago. Tourra aitonarekin ikusten dut eta bera ere oso pozik dago bizikletan ibiltzen hasi naizelako».
Bera ere oso gustura dago. Gainera, lehen lasterketan, Beasainen, hirugarren sailkatu zen. Bere lagunei bizikletan ibiltzeak merezi duela esan die, baina ez dira animatu. «Ez zaie asko gustatzen txirrindularitza». Hala, mutilen artean jarraitu beharko du. «Oso ondo hartu naute», aipatu du.
Prestatzaileen iritzia
Tolosak eta bere taldekideek Aitor Chicorekin eta Aitor Salaberriarekin entrenatzen dute. Haientzat pozgarria da taldean neska bat izatea: «Ea datorren urterako neska gehiago animatzen diren. Gainera, legazpiarra da. Handik jende gehiago etortzea nahi dugu».
Guraso guztiek Idoia Lasaren zaletasuna erakusten badute, txirrindularitzak etorkizun oparoa izango du. Tolosaren amari bizikletan ibiltzea asko gustatzen zaio. «Agirreburualdetarren bizilaguna nintzen eta giro hori umetatik ezagutu dut».
18 urterekin Arrasatera joan zen bizitzera eta han asko ibili zen. «Malamute arrazako txakur bat nuen eta hari egurra eman behar zitzaion. Mendira bizikletaren eta txakurrarekin joaten nintzen».
Seme-alabak koxkortu zirenean berriro hastea erabaki zuen. Oso pozik dago seme-alabek bere pausoak jarraitu dituztelako. «Taldean ibiltzen ikastea eta zaletzea dira nire helburuak. Niri txirrindularitzak asko eskaini dit eta eurei ere emango diela uste dut. Lehia gutxienekoa da, eta ez nuke nahi postu onak lortzen ez dituztelako bizikleta uztea».